Udalak eta Chillida Lekuk elkarlana indartzeko hitzarmena berritu dute

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Museoaren eta Udalaren arteko elkarlana sustatzeko helburuz, sinatutako akordioan hainbat konpromiso hartu dituzte bi aldeek. 

Xabier Lertxundi alkateak eta Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak hitzarmen berria sinatu zuten asteartean. Horrekin, helburua da «kultura eta turismo arloetan Udalaren eta museoaren arteko elkarlana sustatzea». 

Udalak konpromiso sorta hartu du, hitzarmen horren arabera. Batetik, museoari urteko 15.000 euroko ekarpena egingo dio. Horrekin batera, Chillida Lekuri buruzko informazioa eta publizitate eskuorriak Turismo gunean jartzeko, museoak antolatutako ekintza batzuetarako sarrera batzuk erosteko eta museoarekin adostutako 3 ekitaldi Udalaren ardurapean uzteko konpromisoa hartzen du.

Chillida Lekuk, bestalde, herriko ikastetxeei urtean bisita gidatu bana eskainiko die eta, gainera, sarrera batzuetan beherapena ere egingo die hernaniarrei. Horrekin batera, Udalari 3 ekitaldi antolatzeko aukera emango dio, Eta, horrez gain, komunikazio euskarrietan genero parekidetasunaren irizpideak aintzat hartu eta euskerari lehentasuna ere emango diote bi aldeek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!