EAJk kritikatu egin du EH Bilduk atez atekoa kudeatzeko duen «utzikeria»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

EAJk Kronikari bidalitako argazkia.

Alderdi jeltzalea atez atekoaren aurka azaldu da; eta, horrekin batera, datuen konparaketa egiteko ere eskatu die herritarrei. 

EAJ-PNVk adierazi du EH Bilduk atez atekoarekin duen kudeaketa «utzikeria» dela. 2009an hasi ziren sistema horretan lanean, eta urtebete beranduago jarri zen martxan, 2010ean. Alderdi jeltzalea atez atekoaren aurka azaldu da ordutik, eta gaur egun ere iritzi bera mantentzen du.

Andoni Amonarraiz alderdiko bozeramaileak azaldu duenez, EH Bilduk atez atekoa jarri zuen «arrazoi politikoengatik». Gainera, dio, «azkeneko urteotan frogatu da zikina, garestia eta deserosoa dela». EAJ-PNVren ustez, «hondakinak edukiontziekin biltzen lortzen diren emaitzak atez ateakoaren berak edo hobeak dira». 

Datuen konparaketa egiteko eskatu du alderdiak
Egoeraren aurrean, Amonarraizek datuei erreparatzeko eskatu du. «Konpara itzazue datuak. Sasietako mankomunitatearen webgunean sartzea besterik ez duzue eta konparaketa orokorra egin dezakezue. Edo, bestela, konparaketa zehatzagoak ere egin ditzakezue. Esaterako, edukiontzi bidezko bilketa duten Ordiziako edo Beasaingo datuak hartu eta Hernanikoekin alderatu. Emaitzak ikusita, udalerri horietakoak hemengoak baino hobeak direla antzemango duzue». 

Horren bueltan, bozeramaileak hauxe gehitu du: EAJ-PNVko kideok ez gara nekatuko EH Bildu salatzeaz. Urtean 600.000 eta 800.000 euro artean botatzen ditu zaborretara, atez atekoarekin hondakinak biltzeko eta, horrez gain, Garbitaniari (Hernanik, Usurbilek eta Astigarragak osatutako sozietate publikoari) lana emateko. EH Bilduk gobernatzen dituen udalerriak. Gure ustez, haien gustura sortutako txiringitoa  da hori. Izan ere, Hernanik sortzen du Garbitaniak kudeatzen dituen hondakinen %50; eta, Hernanik, sozietate horren %49 baino ez du». Alderdiaren ustean, gainera, EH Bilduk hori guztia egin du «noizbait, alkatetza beste indar politiko batek hartuz gero, Garbitania ez suntsitzeko». 

Amaitzeko, jeltzaleen esanetan, «XXIgarren mendean Hernaniko kaleetan zaborra ikusten da, 1950 eta 1960ko hamarkadetan ikusten zen bezalaxe».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!