Martxan da aurtengo abonatu kanpaina, hainbat berrikuntzarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Hernani eta Ordiziaren arteko norgehiagoka, Landaren, joan den ekainean.

Dagoeneko egin daiteke harpide, bulegoan edo online. Aurtengoan, gainera, langabetuentzako abonu berria dago 50 eurotan. 

Hernani Club Rugby Elkarteko kideek ikusleak, zaleak eta abonatuak Landare-Tokira itzultzeko «ilusioz gainezka» daudela aipatu dute. Hori horrela, Landarera bueltan 2021-2022 denboraldiko abonatu kanpaina jarri dute martxan.  Berritasunen artean, langabetuentzako abonu berria dago. 

Bi harpidetza, aukeran
Zehazki, bi abonu mota daude. Batetik, HCRE bonu; urtean 75 euro balio du horrek eta langabetuentzat, aldiz, 50 euro. Bonu horrekin, hainbat abantaila izango dira: besteak beste, lehenengo taldeko partiduetarako sarrerak izango dituzte; kamiseta ofizialean 5 euroko deskontua eskuratuko dute; etxeko partiduetan egiten diren zozketetan parte hartzeko aukera eskainiko zaie; eta, gainera, HCRE dendako produktu askotan ere beherapenak izango dituzte. 
Bestetik, laguntzaile bonua ere badago, 40 euroan. Kasu horretan, etxeko partiduetan egiten diren zozketetan parte hartzeko aukera izango dute abonatu horiek. Horrekin batera, aipatu beharra dago hasierako norgehiagokatan soilik abonatuak sartuko direla Landarera.

Bestalde, urtero bezala, Landareko bulegoetan ere abonatu txartelak egiteko edota berritzeko aukera egongo da (Florida Auzoa 152, Hernani). Hauxe da ordutegia: astelehenetik ostegunera goizez 09:30etatik 13:00etara eta arratsaldez, berriz, 16:00tatik 18:30etara. Edo, bestela, online ere egin daiteke harpide: www.hernanirugby.eus. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!