Liga hasiko dute gaur, CDHko eta Mundarroko zenbait taldek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Hernaniren eta AƱorgaren aurkako lagunartekoa, joan den asteburuan.

Txapelketari ekingo diote Jubenilen Liga Nazional mailako taldeak, Ohorezko Erregionalekoak eta Gorengoen mailakoak. 

Aurredenboraldia amaituta, as­teburu honetan hasiko dute txapelketa Urumea bailarako zenbait futbol taldek. Aurreko asteetan, lehiaketarako martxa hartzeko helburuz, lagunartekoak jokatu zituzten Zubipen eta Zarkumendegin. Gaur eta bihar, ordea, maila erakusteko eta ligako lehenengo hiru puntuak eskuratzeko aukera izango dute. 

Hernanin, 10 taldek hasiko dute aurtengo denboraldia asteburu honetan. Jubenilen Liga Nazional mailako taldeak, Bizkaira bidaiatuko du; ligako lehenengo topaketan Santutxu izango du aurkari, Mallona zelaian, arratsaldeko 16:00etan hasita. Ohorezko Erregional mailan ere, gizonezkoen kasuan, gaur hasiko da txapelketa. Hernaniarrek Real Unionen aurka neurtuko dituzte indarrak, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Emakumezkoek, berriz, datorren asteburuan izango dute aurreneko norgehiagoka, Beti Gazteren kontra. Ordua eta eguna zehazteko daude oraindik, baina etxean jokatzen dutenez, partidua larunbat arratsaldean izatea aurreikusi dute. 

Bestalde, astigartarrek ere berotu dituzte motorrak dagoeneko, eta Gorengoen mailako taldeak Usurbil izango du aurkari, gaur. Arratsaldeko 16:00etan jarri dute hitzordua, Harane zelaian.  

Hurrengo asteburuan, ligako partidu gehiago
Batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago, baina hilabetea amaitzerako bailarako talde gehienek hasita izango dute aurtengo denboraldia. Hurrengo asteburuan, esaterako, CDHko emakumezkoen lehenengo taldeak Ohorezko Erregional mailako lehenengo jardunaldia izango du. Euskal Ligatik jaitsita, indartsu helduko diote berdeek aurtengo erronkari. 

Horrez gain, Zarkumendegira itzuliko da liga. Gorengoen mailako taldeak Billabonaren aurka neurtuko ditu indarrak, lehiaketako bigarren partiduan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!