«Herria kolorez, Merkataritza Festarekin»

Kronika - Erredakzioa 2021eko irailaren 11

Datorren hilaren 17an Hernaniko Merkataritza festa dela eta, Berriak Merkatari eta Ostalaritza elkarteak herritarrak eta komertzioak zoriondu nahi izan ditu. Irailaren 17a «zoriontasunez betetako eguna da. Izan ere, pasa den urtean ez genuen egun hontaz behar bezala gozatu, baina aurtengoan bueltan dira komertzioak, eta horrek herria betetzen du». Horrez gain, diote, kolore biziz betetzen dela herria komertzioak martxan daudenean, «urte gogor hauen ostean, komertzioek aurrera egin dute, eta esker hitzak besterik ez dauzkagu hauentzat, tinko aurrera jarraitzeagatik». Ostiralean beraz, herritarrek zita dute herriko kale kantoi eta komertzioekin, izan ere, kalean jarriko dituzte salmenta-guneak eta animazioa ere egongo da, adin tarte guztientzat. Datorren denboraldirako arropa eta materialak ere jarriko dira salgai, udazkenari ongi etorria emateko asmotan.

Berriak Elkartea izan da Merkataritza Festaren antolatzaile nagusia eta Hernaniko Udala laguntzailea. Azaldu dute momentuko segurtasun neurriak erabiliko direla, herritarren segurtasuna bermatze aldera.

Azkenik, esker onez, Hernaniko Berriak Elkarteak honakoa gaineratu du: «Kaleak berriro koloreztatu ditugu komertzioekin, eta hori herritar guztien laguntzari esker izan da, beraz denei eskerrik asko!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!