«Ez naiz perfekzionista eta egiten ditudan marra oker hauei esker nire barne mundua adierazten ikasi dut»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Aitor Ruiz De Egino Biteriko erakusketa gelan, Kronikarako elkarrizketan.

Marra zuzenak alde batera utzita, marra okerretan zentratutako erakusketa ikusgarria ireki du Aitor Ruiz De Egino artista hernaniarrak, eta hilaren amaierara arte dago ikusgai.

Hernaniarra da Aitor Ruiz De Egino, eta iraila hasieratik hila amaitu arte Marra Okerrak izeneko erakusketa jarri du Biteriko erakusketa gelan. Artista hernaniarrak dio bere arte jarduna marrazketatik datorkiola. Hasiera batean, bi dimentsioetako lanak egiten zituen eta lan hauek zeramikaren bidez, hiru dimentsioetako arte lanak egitera heldu da. Eskultura, burdina, brontzea eta harria ere landu ditu Aitor Ruiz De Eginok, baina euskal artisten artean ezohikoa den aluminioa du material «kuttunena», azaldu du; «metal distiratsua da, herdoildu gabe luzaroan bizi dena, bizitza irudikatzeko egokia».

Lanak  egiten dituenean, Aitorrek bere baitan pentsatzen du: «zer ikusten du ikusleak?» Eta horren atzetik hainbat galdera datorkio: «Zer egitura da hau? Animalia bat? Gizakia? Biak? Zer dira hauek, gizakiaren besoak ala zezenaren adarrak?». Aitorren arabera erantzuna bakoitzaren araberakoa da; «kutsu surrealista dute nire lanek, egileak bilatzen duen misterioa baita».

Irailean, Marra Okerrak izeneko erakusketa jarri du bere jaioterrian, eta dio berezia dela; «urte osoan zehar egiten dut lana, eta Internet bidez saiatzen naiz nire lanen berri ematen, Instagram bidez, Facebooken… Baina aspalditik gogoa neukan lana erakusteko, fisikoki. Aukera hau ikusi eta aurrera jarraitu nuen». Artista hernaniarrak, Zikuñagan egiten du lan, Zikuzulo tailerrean hain justu. Gainera Aitorrek azaldu du, Hernanik aspalditik duela harreman estua metalgintzarekin, eta bera txikitatik egon da metalari lotuta; «aitak galdategi batean egiten baitzuen lan». Artelanak osatzeko behar duen guztia bertan du eskura, «materiala biltzeko txatartegia, eskura ditut aluminioa galdatzeko lantegia eta metala margotzeko pintura».

Marra zuzenak ez dira erakusketako protagonista, oker dauden marrak aldiz bai. Izan ere, Aitor ez da perfekzionista eta hori marretan irudikatzen saiatu da: «aspalditik daramat nire lana hitz gutxitan azaltzeko ahaleginetan. Zail egiten zait hitzen bidez zer egiten dudan azaltzea. Eta izenak dioen moduan, Marra Okerrak, ederki adierazten du arte munduan aspalditik egiten dudan lana». Marra Okerrak erakusketan aurkitu daitezke eskulturak eta margoak, eta artista hernaniarrak azaldu du betidanik egiten dituela marrazkietan marrak; «marrak elkartuz, natura, bizitzako elementu desberdinak modu abstraktoan irudikatzen saiatzen naiz. Ez naiz batere perfekzionista eta hori nire marretan ikusi daiteke. Marra okertuak, desproporzionatuak, zikinak, plano desberdinetan elkartzen direnak egiten ditut». Artistaren eskulturetan ere marra okerrak dira protagonista nagusiak; «marra oker hauei esker nire barne mundua adierazten ikasi dut, eskulturetan sortzen diren hutsuneak, oso pertsonalak eta nire lanaren adierazle nagusiak dira».

Biteriko erakusketa hau, zeramikaz egindako 12 eskulturaz beteta dago. Horrez gain, margoak ere badaude, marra okerrez osatutakoak hain justu: «tamaina haundiko 6 margo aluminioan, 21 margo tamaina ertainekoak eta gero, berrikuntza bat ere jarri dut Hernaniko erakusketan: inpresio digitaleko 10 margo aluminioan. Inpresio digitaleko lan hauetan 3D artxibo digitala eta fondo bereziak nahasten ditut, eta konposizio moduan eginak daude».

Artista hernaniarrak, Marra Okerrak erakusketarekin bere lan orokorren omenaldi xume bat egin nahi izan du: «marra okerrak protagonista direnez nire lanetan, erakusketa hau horrela izendatu dut: Marra Okerrak».

 

Erakusketa «Kuttunena»

Aitor asko ibili da Iparraldean, eta Biarritzen egin dituen erakusketak maiteak ditu. Hala ere, «kuttunena» duela lau urte egin zuen: «Urumea ikastolako lau pisuak nire lanez bete nituen, nik egindako margoak, aluminioaz egindako eskulturak eta zeramika…».

 

«Adarra mendia, inspirazio»

Urumea Ikastolan egindako lanaz gain, Antropozooformak izenburuko erakusketa egin zuen eta Aitorren arabera, izen horrek ederki definitzen ditu parean ditugun formak, eta honakoa gaineratu du; «antropozoofitoformak ere esan geniezaieke, animalia-gizaki horien gorputz-adar luzatuek zuhaitzen sustraietatik eta adarretatik asko baitute». Oro har,  Aitor Ruiz De Eginoren lanak asko du Adarratik, izan ere, Adarra mendia du inspirazio iturri eta bere lanak Adarrako izaki bizidunak dira, «nire burutik iragazitakoak».  Lan ugari egiten du Aitorrek eta dio, azken bi urte hauetan 150 marrazki egin dituela; «Hernanira gutxiago ekarri ditut, 30 bat pintura gutxi gorabehera». 

 

Eskulturak eta margoak dira erakusketako protagonista nagusiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!