Musika, antzerkia, aizkolariak eta bazkaria bihar, Iparragirren

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 10a, 00:00

Jokin Urretabizkaia aizkora apustuan.

Goizeko 11:30etan hasiko dira jarduerak, eta bazkalostean izango da azkena.

Egungo osasun egoera dela eta, Osiñagako jairik ez zen izan ekainean. Dena den, datuek hobera egin dutenez, zapore gazi-gozoa kendu eta egun berezi bat antolatzea proposatu zuten Osiñagako Auzo Elkarteko kideek. Hori dela eta, etzi, irailaren 12an, egun osoko egitaraua izango da auzoan. Iparragirre sagardotegian egingo dituzte ekintza guztiak, goizetik hasita arratsaldera arte; eta, gainera, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat prestatu dituzte jarduera guztiak.

 

Antzerkia, aizkolarien erakustaldia eta kontzertua

Denera, hiru ekintza antolatu dituzte auzotarrek eta, tartean, bazkaria egingo dute. Lehenengo hitzordua 11:30­etan izango dute Osiñagakoek. Tomaxen abenturak antzerki emanaldia izango da, etxeko txikientzat eta animatzen den beste edonorentzat. Tomax eta Muxi dira ikuskizuneko protagonistak, eta ederki gozatuko dute ikusleek bien pasadizoekin.

Ondoren, aizkolarien txanda helduko da 12:30etan. Bi bikote arituko dira: batetik, Nerea Sorondo eta Jokin Urretabizkaia; eta, bestetik, Suharri Paolla eta Laiene Pikabea. Hori amaituta, bazkaria egingo dute Iparragirren, 14:00etan hasita. Prezioa 35 eurokoa da eta sagardotegiko menua gozatzeko, irailaren 7a baino lehen eman behar zen izena.

Plangintza amaitzeko, bazkalostean, Andoni Ollokiegi izango da kantuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!