II. Kromiki lehiaketa antolatu du berriro Doberak, herriko haur, gazte eta helduentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00
Pasa den urtean hauek izan ziren irabazleak: Valentina Linares, Nahia Goikoetxea eta Leire Etxeberria.

Iaz bezala, Kromikiek Hernanirekin zerikusia izan beharko dute. Euskeraz idatzitakoak eta 26 x 7,3 zentimetroko tamainakoak; «Kronikan agertzen diren kromikien tamainakoak» dio Doberak. Hilaren 28ra arte aurkeztu daitezke lanak.

asa den urtean antolatu zen estreinakoz Kromiki lehiaketa, eta aurten ere berriro bueltan da. Aurtengoa, bigarren edizioa izango da, eta Dobera Euskara Elkartearen asmoa da, haur, gazte nahiz helduen artean euskal kultura sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzea. Horrez gain, Doberak dio, antolatutako ekimen honekin, euskerazko komikigintza ere sustatu nahi dela. 

Iaz moduan, Kromikiek Hernanirekin  zerikusia izan beharko dute. Euskeraz idatzitakoak izango dira eta 26 x 7,3 zentimetrotako tamainakoak: «Kronikan agertzen diren Kromikien antzera» azaldu du Doberak.

Aurtengo lehiaketa, 3 adin ezberdinetan banatuta dago. Talde bat haurrena izango da, 6 eta 11 urte bitarteko adina dutenak sartuko dira talde honetan eta ez da lehiaketarik egingo; «hainbat sari zozketatuko dira». Bigarren taldea, 12 eta 17 urte bitarteko gazteena da, eta saria Kromiki onenari emango zaio. Helduen taldea ere badago, 18 urtetik gorakoentzat; «hemen ere Kromiki onenari emango diogu saria».

Kromikiak, egileak aukeratutako estiloan eta zuri beltzean zein koloretan egin ahal izango dira, eta aipatu moduan euskerazkoak izatea da baldintzetako bat, izan ere; «lehiaketaren helburu nagusietako bat euskerazko komikigintza sustatzea izanik, euskeraz ez dauden lanek ez dute parte hartuko. Eta horrez gain, ez da Kromiki muturik hartuko. Umore edo kutsu matxista, arrazista edo homofoboa duten lanak ere ez dira onartuko».

Hilaren 27ra arte dago aukera Dobera Euskara Elkarteak antolatutako II.Kromiki lehiaketan parte hartzeko. Lan hauek euskarri fisikoan zein digitalean aurkeztu daitezke: dobera@dobera.eus helbide elektronikora idatzia. Kromikigilearen datuak, aurkeztutako lanaren atzeko aldean edo beste orri batean aurkeztu beharko dira: izen abizena, telefono zenbakia, adina eta posta elektronikoa.

«Euskeraz idatzitakoak izango dira eta 26 x 7,3 zentimetroko tamainakoak»

Sari ugari, irabazleentzat Dobera Euskara Elkarteak

Haurrek saria jasoko dute, aipatu moduan, zozketa bidez: «Gaueko Komiki dendan erosteko 30 eurotako opari txekeak eta marrazketarako materiala». Gazte eta helduen mailan, liburu elektronikoa eta herriko dendetan gastatzeko 50 euroko opari txekea banatuko zaio irabazleari.

Irabazleen Kromikiak Kronikan argitaratuko dira, eta aurkeztutako kromiki guztiekin liburuxka bat egingo da PDF formatuan, eta parte hartzaile guztiei helaraziko zaie. Horrez gain, Doberako webgunean eskuragai egongo da liburuxka digitala: Dobera.eusen, hain justu.

Sari banaketa, Doberak antolatutako azokan

Urriaren 2an, aurkeztutako Kromiki guztiak egongo dira ikusgai, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Hernaniko I.Liburu Azokan, Atsegindegin. Sari banaketa bertan egingo da, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Erakusketa hau amaituta, urriaren 5etik aurrera, aurkeztutako Kromikiak jasotzeko aukera egongo da Doberako bulegora bertaratuz gero. Gainera Doberak dio sarituei aurrez jakinaraziko zaiela: «saria eskuratzeko nahitaez sari banaketa ekitaldira etorri beharko dute, pisuzko arrazoiren bat ez bada tartean».

Kromikiak baloratzeko, epaimahai bat egongo da. Haurren kasuan ez da lehiaketarik egingo, izan ere, parte hartzaileen arteko zozketa bidez izendatuko da irabazlea. Aldiz gazte eta helduetan, Kromiki onenak sarituko direnez, adin tarte bakoitzean bana aukeratuko dute epaimahai kideek. Horretarako honako irizpideak hartuko dira kontutan: «istoriaren eta ilustrazioaren originaltasuna eta zuzentasuna». Hala ere, Doberak gaineratu du, Kromikien kalitatearen arabera epaimahaiak sariak eman gabe utzi ditzakeela.

Bestalde, Doberaren Youtube kanalean, pasa den urteko Kromiki guztiak daude ikusgai; «behar bada baliagarriak dira komikiak egiterako orduan», dio Doberak.

Axpi artistaren bi bideo ere badaude Doberako kanalean, Kromiki bat nola egin azalduz bertan. Eta Alai Zubimendik ere Kromikiaren historia kontatzeaz gain, hainbat pista ematen ditu Kromikiak egiteko taktikak ikasteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!