Enrike Larrarteren liburuak azokan salgai, Wukrori laguntza emateko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 00:00
Angel Olaran ere egongo da postuan. Bere proiektuei laguntzeko izango da dirua.

Bigarren Eskuko Azokan jarriko dute postua, Larrartek zeukan liburutegiaren zati batekin, 'Liburu bat, euro bat' lelopean. Angel Olaranen proiektuei laguntzeko izango da dirua.

Larunbat honetan jarriko dute Bigarren Eskuko Azoka, Urbieta kalean, goiz osoan zehar. Eta postu berezi bat izango da bertan, oraingoan: Enrike Larrarte Arregi zenaren liburuak jarriko dituzte salgai, Liburu bat, euro bat lelopean. Joan den urteko azaroan hil zen Larrarte, eta nabarmendu dutenez, oso liburutegi zabala zeukan, bereziki euskalgintzari lotuta. Horren zati bat jarriko dute azokako postuan, galdu ez dadin, eta kausa solidario bati laguntzeko.

Izan ere, bertan bildutako diru guztia, izango da Angel Olaranek Wukron burutzen dituen proiektu solidarioei laguntzeko. Azokako postuan bertan egongo da Olaran ere. Hernanin dago Aita zuria oraindik, hemen harrapatu baitzuen Etiopian gerraren hasierak, eta ordutik ezin izan baitu Wukrora bueltatu. Ho­­rregatik diote, «inoiz baino ge­hiago» behar dutela laguntza hori Wukron, une honetan.

Hori horrela, herritar guztiei luzatu diete gonbitea, postura gerturatu eta Larrarteren liburuak eskuratzeko, eta bide batez, Wukrori laguntzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!