«Merezi zuen, adiskidetasun eta lankidetza giroan berreskuratzea Zikuñagako ermita»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 00:00

Xabier Lertxundi, Jose Luis Aperribai eta Arkaitz Larrañaga, Zikuñagako Amaren ermita berria izango dena atzean dutela.

Bi hilabete inguru barru bukatuko dituzte ermita eraikitzeko lanak; eta atzo elkartu ziren bertan, auzoko, parrokiako eta Udaleko ordezkariak, Zikuñagako Amaren egun berezian.

Bihar beteko dira 36 urte, azkenekoz eman zela meza Zikuñagako Amaren ermitan, 1985eko irailaren 10ean. Eta bi urte beranduago eraitsi zuten, baina berriro eraikitzeko baldintza eta konpromisoarekin. «Eta horretan ari gara, orduan eman zen hitza betetzen», adierazi zuen Jose Luis Aperribai parrokoak, atzo eguerdian, Zikuñagako ermita berria eraikitzen ari diren ingurunean. Bertan jarri zuten hitzordua, Zikuñagako Amaren egun berezian, auzotarrek, parrokiako eta Udaleko ordezkariek, eta proiektuan parte hartu duten arkitektoek, ekitaldi xume bat egin eta lanen nondiko norakoak azaltzeko.


«Gaurko egunerako geneukan aurreikusita, ermita erabat bukatuta inauguratzea, jai giroan. Baina luze joan zaigu, eta birusaren izurriteak ere, galarazi egiten digu jendea jai giroan biltzea. Horregatik antolatu dugu ekitaldi xume hau, udaberrian, lanak bukatuta, herritarrak biltzeko aukera izateko esperantzarekin». Bi hilabete inguruko epean egongo dira bukatuta lanak, aurreratu zutenez.


Aperribaik berak nabarmendu zuen, «karga haundiko historia bat soldatzera» datorrela ermita berria, eta «ez bakarrik alderdi erlijiosotik; baita alderdi historiko, kultural eta sozialetik ere, eraikuntza honek biltzen baititu horiek denak».

«Azkeneko asteotan, obra martxan dagoela, ermitaren gaia berriro atera da herrian, eta ilusioa sortu du»


Ermita desmuntatu eta eraitsi zutenetik, Zikuñagako Papeleran egon dira gordeta fatxadako harriak, eta bere horretan berreraikiko dute aurreko aldea, ermita zaharrak zeukan itxura hartuta. «Auzotarrontzat sekulako poza da, hainbeste urteren ondoren ermita berriro altxata ikustea auzoan. Jende asko geratu da, ermita berreraikita ikusi gabe; baina ezagutzeko aukera izango dugunok, auzoan eta auzoko jaian integratuko dugu berriro, ermita eta lekua, auzoarentzat toki garrantzitsua delako», azaldu zuen Arkaitz La­rrañagak, Zikuñagako Ama auzo elkartearen izenean.

 

Kokaleku berria, ezin hobea: «auzoarekin lotuta, herriaren bistan eta paraje ederrean»
Garbi zeukaten auzotarrek, auzoan bertan egon behar zuela Zikuñagako ermitak. Proposatu izan dira beste kokaleku batzuk, urte guzti hauetan; «baina toki egokira iritsi gara, auzoarekin lotuta, herriaren bistan, eta Santa Barbara ermitaren parean», zioen Aperribaik. Horrekin bat zetorren Xabier Lertxundi alkatea ere: «kokapen hobea bilatzea zaila izango litzateke. Auzoan bertan dago, eta paraje ederrean». Eta baita Larrañaga ere, berarentzat esanahi berezia baitauka tokiak, auzoko beste askorentzat bezala: «txikitan, aldapa igo eta askotan etortzen ginen hemengo belardietara jolasera, orain ermita dagoen tokira».


Auzotarren laguntza eskertu nahi izan zuen Aperribaik berak, prozesu honetan: «beti izan dugu haien animoa, arnasa ematen aritu dira, eta eskertzekoa da. Eta Arkaitzekin oso gertuko harremana izan dut prozesuaren hasieratik, eta emozionalki oso polita izan da», adierazi zuen. Horregatik azpimarratu nahi izan du, «eraikuntza materiala ez ezik, baita eraikuntza soziala ere. Harreman politak eta indar pilaketak sortu dira, eta eraikuntza materialak adinako garrantzia dauka horrek. Merezi zuen, hain modu katramilatsuan etenda geratu zen historia honetan, adiskidetasun eta lankidetza giro batean berreskuratzea ermita».


Herritarren artean ere, «ilusioa» piztu duela kontatu zuen alkateak: «nik ez nuen ezagutu aurreko ermita, oso txikia nintzen eraitsi zutenean. Baina etxean eta herritarrei asko entzun diet horren inguruan. Eta azkeneko asteotan, obra martxan dagoela, gaia berriro atera da herrian, eta ilusioa sortu du. Ermita honi, bakoitzak bere sinbolismoa emango dio. Esanahi erlijiosoa izango du batzuentzat, baina erlijiosoak ez direnentzat ere, garrantzitsua izango da, herriaren elementu historiko bat delako. Izan dadila integratzailea herriarentzat, eta guztiok bizi dezagula ondo pasatzeko eta gustura egoteko toki bat bezala».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!