Dirulaguntzak, ur, saneamendu eta hondakin tasak eta IBIa ordaintzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 00:00

Urriaren 29ra arte aurkeztu daitezke eskaerak, telefonoz, emailez edo telematikoki. Hainbat baldintza bete behar dira dirulaguntza jasotzeko.

Dirulaguntzak emango ditu Hernaniko Udalak, aurten ere, zenbait tasa eta zerga ordaintzeko; zehazki, honakoetarako: ur-horniduraren, saneamenduaren eta hondakin-bilketaren tasak, eta Ondasun Higiezinen gaineko Zer­­ga (OHZ edo IBIa). Joan den ur­tean eskaera egin zuten herri­tarrek, aurten ez dute eskaera berririk egin behar; eta gainerakoek, urriaren 29ra arte daukate epea, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Izan ere, joan den urtean eskaera egin zutenen kasuan, Udalak zuzenean egiaztatuko du aurten ere betetzen ote dituzten laguntzak jasotzeko baldintzak. Eta horren berri emateko, dagoeneko bidali die jakinarazpena, azkeneko bi urteotan eskaera egin duten guztiei.

Eskaera aurkeztu behar duten herritarrek, hiru bide dauzkate hitzordua hartzeko. Batetik, telefonoz egin dezakete, 943 57 54 27 zenbakira deituta. Bestetik, posta elektronikoz eskatu dezakete, errenta@hernani.eus helbidera idatzita. Eta azkenik, hernani.eus webgunearen bitartez ere egin dezakete, erregistro elektronikoz.

Bi hamarkada dira, dirulaguntza hauek martxan jarri zituela Hernaniko Udalak, «diru-sa­rrera gutxien duten familiei laguntzeko, derrigorrezkoak diren zerga eta tasak ordaintzen». Eta nabarmendu du, «urrats ga­rrantzitsua» izan zela neurri ho­riek ezartzea, «sistema solida­rio bat lortzeko norabidean».

 

Bete beharreko hainbat baldintza, laguntza jasotzeko

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, %50ekoa edo %25ekoa izan daiteke aplikatuko den deskontua, familia unitatearen diru-sarreren arabera; eta tasen kasuan, %100ekoa edo %50ekoa izan daiteke, hori ere diru-sarrerek baldintzatuta.

Baina dirulaguntzak jasotzeko, hainbat baldintza bete behar dituzte herritarrek. Familia uni­tatearen diru-sarrerena da ho­rietako bat, eta tramo ezberdinak daude zehaztuta, familia unitateko kideen arabera. Uraren kontsumoa ere hartuko dute kontutan, eta ezingo da izan 45 metro kubiko baino haundiagoa urtean, pertsona bakoitzeko. Etxebizitzaren katastroko balioak, berriz, ezin du izan 157.690,70 euro baino gehiagokoa (familia ugarien kasuan, 173.459,78 euro). Bizikidetza unitateko, bestalde, ezingo da izan ibilgailu bat baino gehiago. Eta bizikidetza unitateko kide guztiek egon behar dute Hernanin erroldatuta, urtebetez gutxienez; eta ezin dute zorrik izan Hernaniko Udalarekin.

Hernaniko Udalaren webgunean (hernani.eus) daude ikus­gai dirulaguntza deialdien xehetasun eta baldintza guztiak, Iragarki Taula ataleko Dirulagun­tzak txokoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!