Jairik ez da izango Zikuñagan, baina meza egingo dute igandean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 00:00

Ozenki abesbatzak hartuko du parte, Zikuñagako Amaren omenezko mezan.

Zikuñagako Amaren omenezko meza izango da, 11:00etan eskoletan. Ozenkik ere hartuko du parte.

Ez da jairik izango aurten ere, Zikuñaga auzoan, egungo osasun egoeraren eraginez. Hala jakinarazi du Zikuñagako Ama auzo elkarteko jai batzordeak: «zoritxarrez, aurtengoan ere ezin izango ditugu gure jaiak eta alaitasun egunak ospatu». Eta nabarmendu dute, «bihotzez» espero dutela hurrengo urtean aukera izatea, «gure jaiak familian ospatzeko».

Edonola ere, jairik ez ospatu arren, Zikuñagako Ama omendu nahi dute auzotarrek, egun seinalatuetan. Eta horregatik, haren ohorezko meza egingo dute igande honetan, irailaren 12an, Zikuñagako eskoletan.

Auzo elkarteak aurreratu du, gainera, Ereñotzuko Ozenki abesbatzak ere hartuko duela parte elizkizunean, zenbait kantu eskainita.

Esanahi berezia dauka igandeko elizkizunak, gainera, egun hauetan. Izan ere, Zikuñagako Amaren ermita berria ari dira eraikitzen, auzoaren goiko aldean. 1987an desmuntatu eta eraitsi zuten aurrekoa, Monumentu Historiko izendatuta zegoena, hura berreraikitzeko baldintzarekin. Ordutik, Zikuñaga Papeleran egon dira gordeta fatxadako harriak. Joan den urtean onartu zuen ermita berreraikitzeko prozesua Hernaniko Udalak, baina fatxada nagusia bakarrik berreraikiko dute, harri horiek bakarrik daudelako gordeta, eta ermita osorik berreraikitzea kostu haundiegia litzatekeelako. Otoitz-lekua eta aterpea ere izango ditu.

Gaur emango dituzte xehetasun gehiago, egiten ari diren lanen inguruan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!