Familiartean ospatuko dute Xaguxarren Gaua, irailaren 17ko iluntzean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 00:00

Aurreko urteetan, Iturmendiko jentilzuloa barrutik ezagutzeko aukera eman die Felix Ugarte Elkarteak, herritarrei.

Felix Ugarte Elkarteak antolatuta, 19:30etan izango da, Hernaniko haur eskolaren inguruan, Iturmendiko jentilzulotik gertu. 50 lagunentzat dago tokia, eta aurrez eman behar da izena, whatsappez, gaurtik etzira: 665 710 091.

Ekimen berri bat prestatu du Felix Ugarte Elkarteak, familiartean gozatzeko. Irailaren 17an izango da, eta Gure bizilagunik onenak egitasmoaren baitan, Xa­­guxarren Gaua ospatuko dute. Sagastialdeko atletismo pistaren sarreran jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:30etan; eta bertatik abiatuta, ibilbide labur bat egingo dute Hernaniko haur eskolaren inguruan.

Ibilbide horretan, batetik, erakusketa bat ikusteko aukera izango dute, xaguxarretara eta beraien bizimodura gerturatzeko. Eta ondoren, detekzio jardunaldia ere prestatuko dute Felix Ugarte Elkarteko kideek, Hernaniko Udalaren babesarekin.

Ez da kasualitatea, detekzio jardunaldia antolatu izana. Eta ez da kasualitatea, era berean, Iturmendiko jentilzulotik gertu ospatzea Xaguxarren Gaua. Izan ere, xaguxarrak ikertzen ari da talde bat bertan, eta xaguxarren joan-etorriak detektatzeko aparatuak jarri dituzte Iturmendiko jentilzuloan.

Ekintzan parte hartzeko, izenematea etzi arte

Familian eta gaztetxoekin gozatzeko modukoa izango da ekintza, baina mugatua izango da partehartzaile kopurua. Zehazki, 50 lagunentzat izango da tokia bertan. Horregatik, aldez aurretik eman beharko da izena.

Gaurtik aurrera apuntatu daiteke, eta etzi izango da azkeneko eguna, ostiralarekin. Horretarako, whatsapp bidez idatzi behar da 665 710 091 telefonora, adieraziz zenbat joango diren. Aurreneko 50ak apuntatutako­an itxiko dute zerrenda.

Aurreko urteetan, Felix Ugarte Elkarteak berak antolatu izan ditu bisita gidatuak, Iturmendiko jentilzuloan. 2013an hasita, ia urtero eman die aukera herritarrei, jentilzuloa barrutik ezagutzeko; eta arrakasta haundia izan dute beti, herritar asko erakarrita. 2019an egin zuten azkeneko aldiz, eta 80 herritar baino gehiago gerturatu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!