Astelehenero egingo dute berriro, pentsio duinen aldeko aldarria

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 00:00

Pentsiodunek ozen bota zituzten beraien aldarrikapenak berriro, atzo eguerdian, Plazan egin zuten elkarretaratzean.

Atzo egin zuten ikasturte berriko aurreneko elkarretaratzea, 12:00etan Plazan; eta datorren astelehenerako jarri dute hurrengo hitzordua.

Beraien ahotsa entzunarazteko «mila arrazoi» dauzkatela eta, kalera atera ziren pentsiodunak berriro, atzo eguerdian. Plazan elkartu ziren, pentsio publiko eta duinak aldarrikatzeko asmoz, eta dagoeneko jarri dute hitzordua, datorren astelehenerako ere. Plazan bertan elkartuko dira, udaletxeko arkupeetan, eguerdiko 12:00etan.

Horrela, Hernaniko pentsio­dunek bat egin dute Euskal He­rriko Pentsiodunen Mugimenduaren erabakiarekin, asteleheneroko mobilizazioei berriro ekiteko, herri eta hirietan. Orain arteko aldarrikapenei, gainera, beste bat gehitu diete: «baztertzea Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektuan jasotako murrizketa berriak».

 

Bi hitzordu berezi, urriaren 1ean eta azaroaren 13an

Hori horrela, asteleheneroko hitzorduei, beste bi gehitu dizkiete dagoeneko. Urriaren 1ean, adineko pertsonen egunean, kalera aterako dira, «adierazteko adinean aurrera egin ahala eskubideak ez direla iraungitzen; eta eskatzeko mendekotasunari eta zaintzari arreta emateko zerbitzu publiko unibertsalak».

Azaroaren 13an, berriz, pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak lortzeko beteko dituzte Hego Euskal Herriko kaleak, eta erakunde sozial eta sindikalei luzatu diete deia, mobilizazioekin bat egiteko.

«Gure argudioekin eta mobilizazioekin erakutsi dugu, Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela, eta lortu dugu pentsioen errebalorizazioa bizi-kos­tuaren hazkundearen arabera egitea; baina Gobernuak abuztuaren 24an onartutako lege-proiektuaren edukia ezagutu ondoren, salatu nahi dugu 2011ko pentsio-erreformak indarrean jarraitzen duela, pentsioak urtez urte murriztuz, Iraunkortasun Faktorea izenez bakarrik aldatuko dela, eta gure aldarrikapenak ez direla kontuan hartu eta ez direla bete».

Horregatik, Espainiako Gobernuari, Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroari eskatu diote, «egin beharrekoa egin dezatela» 2011 eta 2013ko pentsioen eta 2010 eta 2012 lan-kontratuen erreformak «behingoz indargabetzeko»; sor ditzatela «kalitatezko enpleguak, langileen bizitza duinduko duten soldatekin»; eta hobetu ditzatela Gizarte Se­gurantzaren diru-sarrerak, «gaurko eta etorkizuneko pentsio publiko duinak bermatuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!