Jubenil Nazional taldeak berdindu egin du azken lagunartekoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 00:00

Jubenil Nazionalak bana berdindu zuen Zubipen.

Larunbatean hasiko dute denboraldia eta Zubipen 1-1 berdindu zuen Añorgaren aurka pasa den larunbatean.

Futbol denboraldia hastear dago Hernaniko talde nagusientzat eta pasa den asteburuan hainbat lagunarteko partidu jokatu zituzten. Zubipen Jubenil Nazional taldeak bana berdindu zuen, larunbatean, Añorgaren kontra. Preferenteak berriz, 1-2 galdu zuen Deustoren aurka; Ohorezko kadete mutilak 1-4 galdu zuen Realaren kontra; eta ohorezko infantilek 8-1 galdu zuten Tolosaren aurka, Tolosan.  

Garaipenik ez zuten lortu hernaniarrek, baina aurredenboraldiko norgehiagokak ziren eta garrantzitsuena erritmoa hartzea zen. Benetako partiduak asteburu honetan eta datozenetan etorriko dira. Honela, Jubenil Nazionalak larunbatean hasiko du denboraldia, Bilbon, 16:00etan Santutxuren kontra. Ongi hastea garrantzitsua izango da. 

Erregional Ohorezko Mailako taldeak ez zuen lagunarteko partidurik jokatu asteburu honetan, baina denboraldia asteburuan ekingo du. Lehenengo aurkaria Real Union da eta Zubipen estreinatuko dira. Pasa den urtean denboraldi bikaina osatu zuten, nahiz eta ezin izan zuten mailaz igo. Hori bai, Kopako aurrerako kanporaketa bat jokatuko dute azaroan.

Neska nagusiek ere ez zuten partidurik izan eta hauek denboraldia irailaren 18 eta 19ko asteburuan hasiko dute, Beti Gazteren kontra, Zubipen. Preferenteak ordea bai, asteburuan ekingo dio denboraldiari, Ostadarren kontra Lasarte-Orian.

Enire Beain Realeko bigarren taldeak fitxatu du
Bestetik, Enire Beain hernaniarra Realeko nesken bigarren taldeak fitxatu du. Azken urteetan Hernanin aritu da eta hernaniarrak abuztuan probak pasa zituen Zubietan. Ikusitakoa gustokoa izan zuten entrenatzaileek eta bertan geratuko da denboraldia osatzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!