Urriza eta Barrenetxearen arteko final klasikoa izango da Banakakoan datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 7a, 00:00

Endika Barrenetxeak jokaldi ederrak egin zituen pasa den larunbatean. Argazkia: Maialen Andres.

Atzelari hernaniarrak 23-30 irabazi zion Ansari finalerdian eta aurreko urtean huts egin ondoren txapelaren bila irtengo da orain, bi urteko garaipena errepikatzeko asmoz.

Endika Barrenetxeak 23 eta 30 irabazi zion Imanol Ansari Kutxabank Sari Nagusiko finalerdian, pasa den larunbatean, eta Javier Urrizaren aurkaria izango da datorren larunbateko, irailaren 11ko finalean, Galarretan. Beraz, final klasikoa jokatuko da erremonteko txapelketarik garrantzitsuenean.

Barrenetxeak bere esperientzia eta, batez ere, bere sakea baliatu zuen urduri egon zen Ansa menderatzeko. Urnietarra inoiz ez zen lasaitu, ezta 11-22 edo 14-25ean hamaika tantorengatik galtzen ari zenean ere. Asko arriskatu zuen eta batzuetan ongi irten arren, gehienetan ez zuen tantoa amaitzen asmatu. Azkar jokatu zen partidua izan zen, peloteo luzerik gabe, eta agian azkarregi hautsi zen markagailua. Emozioa falta izan zen eta presioak aurrelari urnietarra gainditu zuen. Pena ez zuela bere onena eman eta hori gertatzeko Barrenetxearen partidua ere aipatu behar da.

Hernaniarra segurtasun haundiarekin aritu zen partidu guztian zehar. Ez zuen oparirik egin eta seriotasun horrek eman zion garaipena.

0-8ko partzial erabakiorrak 5-12 jarri zuen aurretik Barrenetxea
Ansa 1-3 hasi zen atzetik, baina azkar erreakzionatu zuen eta 5-4 aurretik jarri zen. Finalerdi parekatua izango zela zirudien, baina hor amaitu zen berdintasun hori. Barrenetxeak sakea hartu zuen bosnako berdinketan eta min haundia egin zuen tarte horretan. Ansak ez zuen asmatu errestoan eta 0-8ko partzialarekin 5-12ra pasa zen irabaztera atzelari hernaniarra.

Horrek are gehiago aztoratu zuen Ansa eta peloteoan ere ez zuen asmatzen. Barrenetxeak ez zuen apenas akatsik egin eta 7-16, 11-21 argi eta garbi joan zen markagailuan aurretik. 11-22 eta 14-25eko emaitzekin iritsi ziren abantailarik haundienak. 

Orduan hasi zen Ansa hobeto ateratzen. 6-1eko partzialarekin sei tantora (20-26) hurbildu zen. Barrenetxearengandik urrun zegoen oraindik, baina peloteoan ere nagusitzen hasi zen. Hala ere, beranduegi zen atzelari hernaniarra ez baitzegoen opariak egiteko eta 20-27koa egin zuen. Ansa saiatu zen, baina beste bi huts argi egin zituen eta horrek Barrenetxearen 21-28 eta 23-30 suposatu zituen.

Zenbakiak begiratuz gero peloteoan egon zen aldea
Azkenean, sakearekin ez zen alderik egon zenbakietan, baina askotan estatistikak engainagarriak izan daitezke. Barrenetxeak zazpi tanto egin zituen saketik Ansak berriz zortzi eta biek sake falta bat egin zuten, baina hernaniarrak markagailuan ihes egiteko baliatu zituen eta Ansak partidua ia erabakita zegoenean egin zituen. Gainera, Barrenetxearen sake bakoitzak aurkaria ziltasunean jartzen zuen errestoan. 

Peloteoan zenbakiak argiak izan ziren irabazlearen alde. Barrenetxeak 17 tanto egin zituen bi akatsengatik, eta Ansak hamabi egin zituen bost hutsengatik. Azkenean, peloteoan izan zen alde haundiena bien artean.

Orain, Urrizaren aurka jokatuko du atzelari hernaniarrak finala. Pasa den urtean ez zuten finalik jokatu, Barrenetxea ligaxkan geratu zen eta kanporatuta. 
Orain bi urte, berriz bien arteko finalean Barrenetxeak bere lehenengo eta txapel bakarra jantzi zuen. 

Finalerako sarrerak, Kronikan

Larunbateko finalerako sarrerak banatuko ditu Kronikak, guztira 10 sarrera daude eta pertsonako gehienez bi sarrera hartzeko aukera dago. Bazkide edo Kronikalari izanez gero eta larunbateko partiduaz gozatzeko gogoa izanez gero, Kronikako bulegotik pasa edo deitu 688 660 714 telefonora. Aipatu moduan, pertsonako bi sarrera oparituko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!