'Gau Beltzaren jaia' ospatzeko bidean bigarren bilera antolatu du Doberak etzi Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 6a, 00:00

Ekainaren 15ean egin zen lehenengoa eta bigarrena 18:30etan egingo da etzi. Herriko taldeak gonbidatuta daude parte-hartzera.

Doberak eta hainbat herriko taldeek Gau Beltzaren jaia berreskuratu nahi dute Hernanin eta horretarako bilerak antolatu eta antolatzen ari dira. Gau Beltza urriaren 31n ospatu ohi da Euskal Herrian. Ekainaren 15ean egin zuen Dobera Euskara Elkarteak herriko elkarteekin lehenengo topaketa eta bigarrena, etzi irailaren 8an egingo dute arratsaldeko 18:30etan Biteri kultur etxeko Ikastaro gelan. Hori horrela, topaketan parte hartzera gonbidatzen dituzte herriko talde guztiak: «geroz eta talde gehiagok parte hartu hobeto, denon artean festa politagoa eta erakargarriagoa antolatuko dugu eta!» diote elkartetik.


Bigarren topaketa honetarako taldeak ekintza zehatzagoak ekartzekotan (aurretik bakoitzak bere taldean landuko ditu) geratu ziren. Bertan, denen artean eguna antolatzen eta osatzen saiatuko dira.


Aratz Ikastetxea, Dobera, Hermuga Hernaniko Musika banda, Kaxko auzo elkartea, Langile ikastola, Ttarla dantza taldea eta Txantxila auzo elkartea izan ziren lehenengo bileran.


Euskaltzaleen Topaguneak Bira produkzioarekin elkarlanean egindako 13 minututako dokumentalean Gau Beltzaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Euskal Herrian jaia ospatzen zenaren testigantzak azaltzen dira. Euskal Herriko hainbat herrietan jaia nola ospatzen duten ere ikusten da http://gaubeltza.eus/dokumentala/ estekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!