Doberak adin guztientzako bigarren Kromiki lehiaketa jarri du martxan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 5a, 00:00

Doberak bigarren Kromiki Lehiaketa antolatu du haur, gazte nahiz helduen artean euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzeko asmoz. Ekimenarekin euskarazko komikigintza ere sustatu nahi da. Iaz bezala Kromikiek Hernanirekin zerikusia izan beharko dute. Euskaraz idatzitakoak eta 26 x 7,3 cm-ko tamainakoak izango dira. Kromikiak irailaren 28ra arte aurkeztu daitezke. Haurren adin tartean (6-11 urte bitartekoak) ez da lehiaketarik egingo, parte-hartzaile guztien artean zozketak egingo dira. Gazte (12-17 urte bitartekoak) eta helduen (18 urtetik gorakoak) adin tarteetan berriz, kromikirik onenei emango zaie saria. Aurkeztutako kromiki guztiak urrian egingo den Liburu Azokan egongo dira ikusgai, eta sari banaketa ere Azokan bertan egingo da. Bestalde, Doberaren YouTubeko kanalean daude Kromiki bat nola egin azaltzen dituen bi bideo, Axpik egindakoak. Alai Zubimendik ere Komikiaren historia kontatzeaz gain hainbat pista ematen ditu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!