Txaber Altubek irabazitako Lizardi Sarian, Andoni Mujika laugarren

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 5a, 00:00
Lizardi Sariko protagonistak.

Puntuaziorik altuena eskuratu zuen bertsoa Andoni Mujika berak abestu zuen, kartzelako ariketan.

Lizardi Sariketako txapela Txaber Altube abadiñotarrak jantzi zuen ostiralean Zarautzen Modelo aretoan. Sarai Robles azpitxapeldunari 10 puntu eta erdiko aldea aterata irabazi zuen eta Hernaniko bertso eskolako Andoni Mujika urnietarrak laugarren amaitu zuen.


Gainera, puntuaziorik altuena eskuratu zuen bertsoa, berriz, Andoni Mujika berak abestu zuen, kartzelako ariketan eta sari hori irabazi zuen. Gaiari botatako lehen bertsoa izan zen, hain zuzen ere, saritua. Horrela zioen gaiak: Badakizu, ziurrenik, negarrez hasiko dela. Hala ere, esan egingo diozu.

Bikotekideagandik bereiztear den gurasoaren paperean sartu zen urnietarra, eta bien haurrari banaketaren berri eman zion bertsotan. Horrela amaitu zuen lehen bertsoa: Nahiz ta ez dezun merezi / guk behar degu berezi.


Modelo aretoa ia beteta zela hasi ziren kantari. Sailkapena ondokoa izan zen: Txaber Altube 284,5 puntu (Abadiño), Sarai Robles 274 puntu (Barañain), Aitor Servier 258 puntu  (Azkain), Andoni Mujika 251,5 puntu (Urnieta), Aitor Zubikarai 240 puntu (Itziar-Deba) eta Ekhine Zapiain 238,5 puntu (Bera). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!