Ikasturtean zehar 36 ikastaro eskainiko dira segurtasun neurriak mantenduta

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 5a, 00:00

Taichi ikastaroa ere eskainiko da Biterin.

Zazpi ikastaro haur eta gazteentzat, eta 29 ikastaro helduentzat izango dira. Aldez aurreko izen-ematea bihartik 17ra bitartean egin daiteke, Biteri kultur etxean, ohiko moduan. Eta aurten internetez ere egin daiteke. 

Urtero bezala, Biteri kultur etxeak ikastaroen eskaintza zabala ekarriko du ikasturtearen hasierarekin batera. 36 ikastaro eskainiko dira, 29 helduentzat eta zazpi haur eta gazteentzat.


Askotariko ikastaroak egongo dira aukeran. Sormena lantzeko helburua dutenak, hala nola, pintura, marrazketa, egur taila, zeramika, altzarien zaharberritzea eta eskulanak. Gorputz espresioari lotutakoak ere izango dira ikasturte honetan: yoga, antzerkia, dantza garaikidea, dantza latinoak, hip hop eta tai chi kung. Eta bestelakoak: sukaldaritza, patchwork, joskintza eta patroigintza eta argazkilaritza.


Covid-19 dela eta, 2-3 eta 4-5 urteko haurrei eskainitako «Sormena, emozioa eta giza trebetasunak lantzeko tailerrak» bertan behera geratu zirenak aurten berreskuratu egin dira. Egoeraren bilakaeraren arabera baliteke adin tarte horri zuzendutako eskaintza aurrerago egitea.

Plazak baino izenemate gehiago badago zozketa 
Ikastaroetan parte hartu nahi izatekotan, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako parada egongo da irailaren 8tik 17ra bitartean. Kultur etxean bertan eta, aurten, lehen aldiz, interneten bidez, web.hernani.eus/kultura edo www.hernani.eus helbideetan.


Presentzialki, Biteri kultur etxe­an, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egin behar da.


Izen emate kopuruak ikastaroaren plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da. Zozketa irailaren 21ean egingo da eguerdiko 12:00etan Biterin. 
Ikasturtearen hasiera urriaren 1ean izango da. COVID-19a dela eta, segurtasun neurri bereziak mantenduko dira ikastaro guztietan. Gerta liteke ikastaroan zehar egokitzapenak egin behar izatea, egoerak horrela eskatuta. Gabonetan eta Aste Santuan oporrak egongo dira, baita haurrek ere inauterien egunetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!