Hernaniko pelota eskolan izena emateko epea irekita dago

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 00:00

2010, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek pelotan apuntatzeko aukera dute.

Abuztuaren 31n Donostian jokatutako txapelketan mota ezberdinetako emaitzak lortu zituzten hernaniarrek. 

Uda amaitzearekin batera, herriko kirol kluben inskripzio datak ireki dira. 2010, 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotako haur guztiek eman dezakete izena Hernaniko pelota eskolan. Izen emate epea irekita dago, eta horretarako kiroldegiko pelotalekura bertaratu behar da. Arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara bitartean joan daiteke izena ematera eta bertan Rufino Rekaldegatik galdetu: «asteko edozein egunetan etortzeko aukera dago, ostiral, larunbat eta igandea izan ezik» azaldu dute pelota eskolakoek. Hilaren 30ean amaituko da izena emateko epea, eta informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 656 793 990 telefonora.

Pasa den hilabetean, abuztuaren 31n hain justu,  Donostiako Trinitate plazan, Hernaniko pelotariek hainbat partidu izan zituzten, eta emaitza desberdinak lortu zituzten hernaniarrek.

Xabier Apaolaza gazteak Kañamaresekin (Barañain) batera 22 eta 19 galdu zuten Tirado eta Beloki bikotearen aurka. Partidu honek bi fase ezberdin izan zituen, lehenengoan 13 eta 4 aurreratu ziren Tirado eta Beloki. Baina bigarren zatian, Kañamares finkatu egin zen; «segurtasun osoz jokatu zuen». Hortik aurrera, Xabier Apaolazak bere mailarik onena erakutsi zuen, eta arlo guztietan bere aurkaria gainditu zuen. Hala ere, partiduaren amaieran berriro Belokik joko onena erakutsiz, 22 eta 19 amaitu zuten.

Xabier Ortiz de Urbina seniorrak Urmenetaren laguntzarekin 22 eta 14 irabazi zion Larrañaga eta Esnaola bikoteari. Eta aipatzekoa da, bikote irabazlea nagusi izan zela partidu osoan zehar. Izan ere, Xabier Ortiz de Urbina nagusi izan zen peloteoan Esnaolaren aurka, nahiz eta honek defentsa izugarria eduki. Urmeneta ere Larrañaga baino gehiago izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!