Pilak kargatuta bueltan da berriro ere boleibola, denboraldi berrirako

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 00:00

Senior taldea abuztu amaieran hasi zen jadanik entrenatzen.

Lan izugarria izango dute boleibol taldekoek datorren denboraldian. Hala ere,  indar berrituta datoz. 

Oztopoak gaindituta, datorren denboraldia abian jarri du Hernaniko boleibol taldeak, eta entrenatzaileak jakinarazi du «lan izugarria izango dutela aurretik. Izan ere, 10 talde ziurtatu ditugu eta 11garren taldea osatzeko ideiarekin gabiltza». Talde hauetatik zazpi talde emakumezkoak izango dira eta hiru edo lau gizonezkoenak.

Aurtengoan, nesken bi talde infantil mailakoak izango dira, hiru talde kadete mailan, talde bakarra jubenil mailan eta senior mailako bat ere egongo da. 
Infantilak, kadeteak eta jubenilak Gipuzkoako ligan ariko dira, eta Euskadiko Txapelketan jokatzeko aukera ere izango dute hainbat taldek. 
Senior neskek, Euskadiko Ligan hartuko dute parte; «azken urtean kanpo egon ondoren talde indartsua osatu da aurtengoan eta partidu ederrak ikusiko dira kiroldegian, pandemiak ez badu oztopatzen» azaldu du boleiboleko kirol elkarteak.

Mutilen arloan, «esfortzu berezia egiten ari da boleibola. Izan ere, neska eta mutil taldeak orekatu nahi dituzte». Oraingoz %75 neskak izango dira, eta %25 inguru izango dira mutilak; «bidean goaz, eta gure helburua %60 neskak eta %40 mutilak lortzea izango da» azaldu dute boleiboleko entrenatzaileek. 
Senior mailako taldeak pasa den hilabete amaieran hasi ziren entrenatzen, eta gainontzeko taldeek irailean izango dute denboraldi hasiera. 


Boleibolak «beti ateak irekita»

Hernaniko Kirol Elkarteko Boleibol atalak, argi utzi nahi izan du, beti izango dituztela ateak irekita: «nahi duenak gurekin harremanetan jarri. Jolastu eta gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dugu». Boleibolera apuntatu nahi izanez gero deitu 656 731 929 telefonora edo WhatsApp bat bidali. Horrez gain, boleibolahernanike@gmail.com helbide elektronikora ere idazteko aukera dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!