Hiribusaren zerbitzu berria ikasturtearen hasierarekin batera sartuko da indarrean, datorren asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 00:00

Herribusaren geltoki berrietako bat, Oindi kalean.

Irailaren 8an jarriko da martxan, eta lau linea izango ditu. Hainbat hobekuntza ekarriko ditu kontratazioak:  bidaiak laburragoak izango dira, beste linea bat sortuko da eta hiribusa aurretik iristen ez zen zenbait auzotara helduko da.

Datozen 10 urteetarako berritu du Udalak herriko auzoak lotzen dituen garraio zerbitzuaren kontratua. Irailaren 8an sartuko da indarrean, datorren asteazkenean; eta, azaldu dutenez, kontratazio berriak hobekuntzak ekarriko ditu, lineatan, ordutegietan eta geralekuetan.

«Hiribusa, oro har, adinekoak eta haurrek zein gazteek erabiltzen dute, batik bat, ikastetxeetara eta erdigunean dauden beste zerbitzu eta azpiegituretara gerturatzeko», aurreratu dute Udalekoek. Hori horrela, aldaketa honek onurak ekarriko dizkie hernaniarrei. «Izan ere, herriko auzo batzuk sakabanatuta daude eta bertako bizilagun batzuek zailtasunak dituzte osasun zentrora, ikastetxeetara, saltokietara, udaletxera, kultur eta kirol instalazioetara, edo beste auzo batzuetara iristeko», argudiatu dute. Horrenbestez, hiribusaren zerbitzuak mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatuko die herritar horiei.

Zerbitzu honek urteak daramatza martxan, eta sortzen diren beharrei erreparatuta egin dira moldaketak azken urteotan. Baina, azken kasu honetan, kontratazio berria egin behar zela eta, hiribusaren diagnostiko zehatzagoa egin zuen Udalak.  Horrela, lineak, ibilbideak eta ordutegiak aztertu dituzte; eta, azkenaldian, Hernanin egon diren aldaketak ere txertatu dira. Besteak beste, kontuan hartzen saiatu dira biztanleriaren adina edo/eta herriko puntu garrantzitsuenen azterketa (biztanle kopurua, auzo eta etxebizitzen kokapena, irisgarritasuna, maldak, eta abar), eskaintza eta hainbat herritarrek egindako eskaerak.

Gainera, azterketa hori guztia udal talde politikoei eta auzo elkarteei aurkeztu zieten, eta baita Koxka Elkarteari ere. Horrekin, eragile horien zenbait ekarpen ere jaso dira proiekturako.

 

Hobekuntzak eta linea berriak

Azterketaren ondorioz, zenbait hobekuntza izango ditu zerbitzu berriak: bidaiak laburragoak izango dira, linea berri bat sortu da eta hiribusa lehen iristen ez zen hainbat auzotara iritsiko da.

Laburlbiduz, beraz, lau linea egongo dira. Linea 0 izenekoan, lau ibilbide izango dira lehendik zeuden bosten ordez. Linea 1 pasako da Elkano, Florida, Etxeberri, Sagastialde, Antziola, Urbieta, eta orain arte iristen ez zen hilerritik, Sandiusterritik edo/eta Lizeagatik pasako da. Linea 2 delakoak bilduko ditu Elkano, Karabel, Zikuñaga, Akarregi eta Atsegindegi. Horrez gain, orain arte iristen ez zen Elizatxo auzora joango da; Portuko geltokia Elizatxo Ikastolaren ondora lekuz aldatuko dute eta Elkanon bukatuko da ibilbidea. Eta, azkenik, sagardotegiko linean ez da aldaketarik izango.

Aldaketei erantzuteko, geltoki berriak jarriko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!