Eskolara itzuliko dira datorren asteazkenean bailarako gaztetxoak, protokoloak jarraituz

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 00:00
Txirrita ikastolak datorren asteazkenean irekiko ditu ateak. Udako kontuak kontatzeko gogoz daude, ereƱotzuar txikiak.

Datorren asteazkenean hasiko dute txiki eta gazteek berriro ere eskolako errutina. Oraindik bizi dugun egoera kontutan izanik, pasa den urteko segurtasun neurriak mantenduko dira.

Uda amaitzear dago eta irailean oraindik eguraldi bikaina egiten badu ere, errutinetara itzultzeko garaia heldu da. Asteazkenean hasiko dute Urumea bailarako ikasleek ikasturte berria, eta nabaria da gaztetxoen urduritasunak eta ziurgabetasunak gailentzen duela.

Eskolara itzulera azken urteetan ez da erraza izan Covid-19ak eragindako osasun alarma dela eta. Hala ere, txikiak ez dira egoera honen aurrean kikilduko, beharrezko segurtasun neurriak hartuko dituzte, lagun artean egoteko eta ikasgai berriak gustura ikasteko.

Pasa den urteko protokolo «berbera» erabiliko dute aurten Urumea bailarako eskolek, hala nola, Elizatxo, Urumea, Aratz, Langile, Astigarragako Herri Eskola, Txirrita, Xalto eta Aranoko eskolek.  Hala ere, aldaketa bat dago neurri protokolarioetan; «tenperatura kontrolak ez dira egingo, etxean neurtu beharko dute».  Bailarako ikastolek azaldu dute, protokoloak ezartzen dituen neurri guztiak beteko dituztela; «taldeka sartuko ditugu ikasleak klaseetara, eta barruan ere taldeka esertzeko aukera ere izango dute, gehienez bost pertsonakoetan, hain justu».  Horrez gain, hainbat eskoletan gel hidroalkoholikoak erabiliko dituzte, eta Astigarragaren kasuan berriz «ura eta jaboia erabiliko dugu, hori gomendatu baitute». Klaseetako leihoak irekita mantenduko dira bentilazioa egon dadin, eta maskarilen erabilera beharrezkoa izango da une oro Lehen Hezkuntzako ikasleetan, pasa den urtean bezala.

Jangeletan ere txandak egingo dituzte, eta honen ondorioz haur guztiek ezingo dute batera bazkaldu; «adin tarte bakoitzak bazkalordu zehatza izango baitu».  Neurri hauek guztiak, talde bereko haurren eta beste bizikidetza talde batzuen arteko interakzioa saihesteko egin ohi da, eta Urumea ikastolak dio klaseetara taldeka sartzeak kontaktu kopurua murriztuko duela.

Urumea bailarako eskola guzietan Covid-19aren hedapena saihesteko neurriak ezarri badituzte ere, eskolako ikasle edo langileren batek sintomak izanez gero, pasa den urtean Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa erabiliko da, hau da; «Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten ikasle, irakasle edo langileak ez dira eskolara joango, eta positiboa denak ere ezin izango du bertaratu. Horrez gain, etxean norbaitek Covid-19aren diagnostikoa badu, eskolak honen berri izango du».

Neurria guztiak bete beharko dituzte Urumea bailarako eskolek, eta azaldu dute motorrak berotuta datozela, «pasa den urtea gogorra izan zen, azkenean ikusten dituzu haurrak maskarilekin eta harremantzeko mugekin. Baina aurtengorako prest gaude, azkenean ohitu egin dira, eta neurriak zorrotz betetzen dituzte». Hemendik aurrera gertatuko denaren jakin-minarekin daude bai ikasle zein eskolako langile guztiak. Hala ere, momentuko neurritan zentratuko dira bailarako eskolak, eta haurren ongizatea izango dute jomuga. Ordura arte ikasten jarraitzea besterik ez da gelditzen.

 

Aratz ikastetxeak prest du dena, ikasturte berriari hasiera emateko.

 

Astigartar txikiek ere, datorren asteazkenean hasiko dute ikasturte berria.

 

Urumea bailarako ikastolek protokoloak behar bezala beteko dituzte.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!