'Uda Hernanin 2021' programazioa «arrakastaz» amaituta, irailekoari emango zaio ongi etorria

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 00:00

Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du irailaren 17an. 'Artizar' izeneko azken diskoa aurkeztuko dute Atsegindegin arratsaldeko 20:00etan hasita. Argazkia: Kalakan.

Irailean egingo diren kultur emanaldietarako gonbidapenak Biterira bertaratuz lortu daitezke edo kultura.hernani.eus webgunean sartuz.

Udazkena iragartzeko asmotan, prest dago jada iraileko kultur agenda;  milaka ekintza, emanaldi eta ikuskizunez josita  dator gainera. Pasa den asteburuan eman zitzaion amaiera Uda Hernanin 2021 programazioari, eta Hernaniko kultura sailak, balorazio positiboa atera du honakoa gaineratuz: «guztira 7 zuzeneko emanaldi eskaini dira, eta ikus entzuleen erantzuna bikaina izan da, guztira 1.240 lagunek eskuratu zuten gonbidapena eta hurbildu ziren emanaldietara. Kasu guztietan gonbidapenak agortu egin dira».

Amaiera arrakastatsu honekin, iraileko kultur agendari emango zaio ongi etorria. Izan ere, udako programazioaren amaierarekin, Euskal Jaien txanda izan ohi da, baina Euskal Jaien batzordeak erabaki du ohiko egitaraua aurrera eramateko baldintzarik ez dagoela. Hala ere aspertzeko tarterik ez dute izango herritarrek, izan ere,  ekintza mordoa egingo dira hilabete osoan zehar. 

 

Milaka emanaldi, irailerako

Kalakan kontzertuaz gozatzeko aukera paregabea izango dute hernaniarrek, hilaren 17an. Artizar izeneko azken diskoa aurkeztuko du taldeak Atsegindegin, 20:00etan hasita. Horrez gain, etxeko txikiek Euskal Herrian hain maiteak diren pailazoen irriez gozatzeko aukera izango dute, irailaren 25ean, Pirritx, Porrotx eta Marimototxen bisitarekin. Atsegindegin izango da, arratsaldeko 16:30etan eta sarrerak hemen lortu daitezke: katxiporreta.eus.

Emanaldiez gain, erakusketa bat ere eskainiko da etzitik aurrera. Aitor Ruiz de Eginoren Marra Okerrak izeneko lana jarriko da ikusgai, Biterin.

Iraileko kultur jardueretako gonbidapenak bi modutara lortu daitezke; alde batetik, Biterira bertaratuz, eta beste aldetik kultura.hernani.eus webgunean eskuratuz.

IRAILEKO KULTUR AGENDA

HERNANI

IRAILAK 6-17

09:00-13:00 16:00-20:00 Biteri kultur etxeko ikastaroetan matrikulazioa egiteko epearen hasiera.

IRAILAK 6-20

Haurrentzako tailerrak auzoetan. Izena emateko epea zabalik.

IRAILAK 11

Bigarren eskuko azoka

IRAILAK 17

20:00 Kalakan taldearen kontzertua. Atsegindegi. Sarrera librea, gonbidapenarekin. Sarrerak etzitik aurrera lortu daitezke.

IRAILAK 17

22:00 Leokako emanaldia. Erradilkalak ginen. Bertsoak eta bakarrizketak: Ane Labaka eta Beatriz Egizabal. Leokako labaderoan.

IRAILAK 18

12:00 Herri kirolen erakustaldia. Atesgindegin. Edukiera mugatua.

IRAILAK 18

19:00 Bertsoak: Balkoitik balkoira bertsotan. Biterin. Edukiera Mugatua.

IRAILAK 18

19:00 Musika bandaren kontzertua, Gay Mur eskolako patioan. Edukiera mugatua.

IRAILAK 18

22:00 Kontzertua: Ruper Ordorika. Ereñotzuko frontoian. Edukiera mugatua.

IRAILAK 19

DIANA Hernaniko Txistulari Bandarekin.

IRAILAK 19

12:00 Trikitixa Txapelketa. Atsegindegin. Edukiera mugatua.

IRAILAK 19

16:30 Pelota partiduak, eskuz eta palaz. Kiroldegiko frontoian.

IRAILAK 19

19:00 DANTZA. GenEroa. Atsegindegin. Sarrera librea, gonbidapenarekin. Etzitik aurrera lortu daitezke gonbidapenak.

IRAILAK 24

20:30 AFARI MARIDATUA. Euskal sagardoa eta bertako produktuak Lurra Cafen, Fede Pacha & Co-k prestatuta eta Mikel Garaizabal sumillerrak gidatua. Chillida Lekun. Edukiera mugatua.

IRAILAK 25

16:30 Pirritx, Porrotx eta Marimototxen emanaldia. Atsegidegin. Edukiera mugatua. Sarrerak: katxiporreta.eusen edo Hernaniko Musika Eskolan. 

IRAILAK 29

19:00 HITZ ANDA. Ez da kasualitatea, bertso musikatuak. Biterin. Bertsolariak: Nerea Ibarzabala, Uxue Alberdi, Onintza Enbeitia eta Ane Labaka. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Sarrera librea, gonbidapenarekin. Irailak 17tik aurrera jarriko dira salgai.

IRAILAK 30

19:00 HITZ ANDA. Esaten dugun argia, poesia eta musika. Karlos Linazarosro eta Joxan Goikoetxea. Biterin. Sarrera librea, gonbidapenarekin. Irailaren 17tik aurrera jarriko dira salgai.

ERAKUSKETAK

IRAILAK 6TIK 30ERA

17:30-20:00 MARRA OKERRAK. Aitor Ruiz de Egino. Biterin. Bisita gidatuak irailak 11 eta 18. Goizeko 11:00etan. Edukiera mugatua.

 

Antzerki, tailer, hitzaldi eta emanaldiekin beteko da udazkeneko kultur agenda

Motorrak berotuta, prest daude astigartarrak udako kultur agendatik, udazkeneko agendara igarotzeko. Horrez gain, Erriberan antolatu diren emanaldietan edukiera mugatua izango da eta segurtasun neurriak erabili beharko dira.

 

Uda agurtzeko asmoarekin, udazkenari modu ederrean emango zaio ongi etorria Astigarragan. Hamaika ekintza antolatu dira irailerako, Kirola eta emakumea lelopean izango dira horietako asko eta  adin tarte guztietarako pentsatuak daude. Atzo egin zen lehen ekintza, Erriberako antzokian. Aiztondo abesbatzak ikasturte hasierako entsegua antolatu zuen, eta herritar ugari bertaratu ziren haiekin batera abestera.

Datorren astean, Hika Teatroaren Tarara antzezlana barrutik ezagutzeko tartea izango dute astigartarrek. Erriberan izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bertan proiektua aurkeztu eta Tarararen inguruko komunitatea osatu nahi da. Parte hartzaileek, sorkuntza prozesu eta antzezleen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute: «udazkenean zehar izango diren entsegu batzuetan egon eta abenduan Tarara antzezlanaren entsegu orokorrerako gonbidapena ere jasoko dute», azaldu dute antolatzaileek.

 

Erakusketak, tailerrak eta hitzaldiak

Emakumeak eta kirola uztartzen dituen erakusketa hilaren 10ean hasiko da. Arratsaldeko 18:00etan zabalduko da eta irailaren 30era bitartean iraungo du. Goizez zein arratsaldez bertaratu daiteke, ordutegi honetan: 09:00-13:00 eta 16:00-20:00. Herri eskolako ikasleak erakusketara hurbildu eta bertan Astigarragako Oihana Blanco eta Olatz Alkorta kirolari profesionalekin elkarrizketa eskainiko da.

Familia giroan igarotzeko tartea ere izango dute astigartarrek, Sagardoetxeak antolatutako tailerrekin, hilaren 15, 22 eta 29an izango dira tailerrak eta 10 euro ordaindu beharko dira familiako. Parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da, sagardoetxea.eus helbidera idatzita edo 943 55 05 75 telefonora deituta.

Irailerako, hitzaldiak eta solasaldiak ez dira faltako, izan ere, hilaren 16an, Kirola eta amatasuna hitzaldia eskainiko du Leire Olabarria txirrindulariak, Erriberan arratsaldeko 18:30etan hasita. Eta irailaren 23an, Patri Espinarren esperientziak kirol munduan solasaldia antolatu da. Gaztelekuan izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita, eta Patri Espinar bertan izango da.

 

Edukiera mugatua

Antolatu diren emanaldi, ekintza zein hitzaldietan edukiera mugatua ezarri dute, batik bat Erriberan egingo direnetan; «Ezingo da musukoa kendu, sarrera eta irteeretan gezien norabidea jarraitu behar da, eta pertsonen arteko distantziak ere errespetatu egin behar dira». 

EGITARAUA

ASTIGARRAGA


IRAILAK 9

19:00 Antzerkia barrutik: Tarara antzezlanaren entseguak hasiko dira. Erriberan kulturgunean.

IRAILAK 10

19:00 Dokumentala: Emen eman harri: Emarri. Erribera kulturgunean. Sarrera doakoa.

IRAILAK 10ETIK 30ERA

09:00-13:00 16:00-20:00  Emakumeak eta kirola erakusketa. Erribera kulturgunean.

IRAILAK 15, 22 ETA 29 

17:00-20:00 Tailerrak familian: Irailaren 15ean, Etxeko Sagardoa tailerra eta Sagar Muztioa tailerra Egoitz Zapiainen eskutik. Irailaren 22an, Sagar dultzea tailerra, Josu Osaren eskutik. Azkenik, hilaren 29an, Sagar deshidratatua. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman: sagardoetxea.eus edo 943 55 05 75 telefonora deituta.

IRAILAK 16

18:30 Kirola eta maitasuna hitzaldia, Leire Olabarria txirrindulariak. Erribera kulturgunean. Kirola eta Emakumea egitasmoaren baitako ekintza.

IRAILAK 17

17:00-19:00 Solasgunea: Ziklikoki bizitzen: Emakumeon gorputzak eta hilerokoa. Emakumeon etxean. Izen ematea: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita, edo 648 417 157 telefonora deituta. «Hilerokoaren prozesuaren ezaugarriak, odola baino haratago, ziklo osoa eta faseak, autobehaketarako tresna praktikoa».

IRAILAK 23

18:00 Musika: Violeta 2021 kontzertua. Erribera kulturgunean.

IRAILAK 23

18:30 Solasaldia: Patri Espinarren esperientziak kirol munduan. Gaztelekuan. Solasaldia Kirola eta Emakumeak egitasmoaren barneko jarduera da.

IRAILAK 25

Sagardoetxean ospakizuna

10:30 Sagardogintzako tresnen erakusketa, Astigarragako Kaleetan zehar.

11:00-14:00
-Familientzako tailerrak
-Musika, dantza eta ipuin kontalaria.
-'Iruidipuina' bisita gidatua
-Sagardoetxeko dokumentazio guneko erakusketaren aurkezpena.

Sagardoetxearen ospakizunean parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, sagardoetxea.eus helbidean apuntatuz edo 943 55 05 75 telefonora deituta.

IRAILAK 25

12:00 Inaugurazioa. Emakumeon etxearen inaugurazioa. Kale Nagusia 23n. Klown ikuskzuna, batukada feminista eta Astigarragako Zulo musika taldearen emanaldia. Izena emateko: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com edo deitu 648 417 157 telefonora.

IRAILAK 30

19:00 Dokumentala. Cholitas. Erribera kulturgunean. Gaztelaniaz izango da. Doakoa da.

IRAILAK 16-22

Mugikortasun astea. Hainbat ekintza antolatuko dira zaindu osasuna, mugi zaitez modu jasangarrian lelopean.

KIROLA ETA EMAKUMEA
EGITASMOAREN BARNEAN
ANTOLATUTAKO PARTIDUAK

IRAILAK 4

12:00 Emakumezkoen futbol partidua. Astigarraga-Oiartzun senior taldeen artean. Zarkumendegin.

 

IRAILAK 18

11:00 Emakumezkoen saskibaloi partidua. Mundarro Zast Zarautz senior taldeen artean. 15:00 Emakumezkoen herrien arteko eskubaloi txapelketa. Kirolegian, biak.

IRAILAK 24

18:00 Saio irekiak. Kiroldegian. Lilatoia prestatzeko entrenamendua. 19:00 Zumba. Izen ematea irailaren 20tik 22ra kiroldegian, edo kiroldegia@astigarraga.eus helbidera idatziz.

IRAILAK 25

17:00 Emakumezkoen pala partiduak: Olatz Zulaika eta Irati Saez-Amaia Lopez eta Ane Villanueva. Tomiñenea pilotalekuan.

 

Udazkeneko kultur agenda osoa ikusgai: Astigarraga.eusen 

 


'Tarara' antzezlanaren entseguez gozatzeko aukera izango dute astigartarrek, datorren astean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!