«Guztiok ditugu eskubide eta aukera berak, eta guztiok merezi dugu zoriontsu izatea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 00:00

'Zinema, gazteria eta migrazioak' proiektuko partaideak, Udaleko eta ekimeneko elkarteetako ordezkariak, atzo.

'Zinema, gazteria eta migrazioak' proiektuaren azken ekitaldia izan zen atzo, Biterin. Emaitzak «oso positiboak» izan direla adierazi eta bide beretik jarraitu behar dela gogorarazi zuten.

Atzo izan zen Biterin, Zinema, gazteria eta migrazioak proiektuaren azken ekitaldia. Hiru taldek sortutako ekimena da, eta hainbat hilabeteren ostean, atzo eman zioten amaiera egindako lan guztiari. Hernaniko Amher elkarteak, Bordeleko Sos Racisme Girondek eta Iruñeako Itaka Eskolapiosek abian jarri zuten programa hau, Euroeskualdeko hiru eskualdeetan; alegia, Euskadin, Nafarroan eta Akitania Berrian. Atzo, beraz, azken aurkezpenean izan ziren proiektuan parte hartu duten hiru eskualdetako hainbat gazte, elkarteetako kideak, Udaleko Xabier Lertxundi alkatea eta Itxaso Lekuona zinegotzia, eta Euroeskualdeko ordezkariak.

Zinema erreminta gisa erabilita, helburua izan da Euroeskualdeko gazteek gizarteko hainbat gaien gainean eztabaidatzea. «Besteak beste, hizpide izan ditugu migrazioak, kulturartekotasuna, hiru hizkuntzen erabilera, ulermena eta beste pertsonekiko lankidetza, edota partehartze demokratikoa», azaldu zuten.

 

«Pena haundiz agurtuko dugu proiektua»

Erronka honi «aspaldi» ekin ziotela aipatu zuen Felix Etxeberria Amherreko kideak. Dena den, Euroeskualdeak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko aukera izan zuten 2020an, eta Euroeskualdeko hiritartasuna deialdian hautatua izan zen Zinema, gazteria eta migrazioak proiektua. Horri esker, 28.000 euroko dirulaguntza jaso eta  Hernaniko Udalaren «kooperazioarekin eta laguntzarekin», programazioa sortu ahal izan zuten.

Lehen pausoak 2020an eman zituzten. Hiru eskualdeetako elkarteak harremanetan jarri eta plangintzaren nondik norakoak zehazten hasi ziren. «Hasieran, zaila izan zen; izan ere, parte hartzeko prest zeuden gazteak topatzea ez da erraza izan zenbait kasutan. Eskualderen batean, izenemate ugari egon ziren eta beste batzuetan, aldiz, zailtasun gehiago izan genituen horretarako», aipatu zuten ordezkariek. Gainera, koronabirusak bete-betean oztopatu zuen horien egitekoa, «eta hori ere traba haundia izan da guretzat». Horrekin batera, bidean izandako beste hainbat erronka ere aipatu zituzten: «hizkuntza dela eta, komunikatzeko zailtasunak, edota saioetan lantzeko materialaren aukeraketa, adibidez».

Edonola ere, egindako lanak fruituak eman dituela azpimarratu zuten, eta zailtasunak zailtasun, proiektua «pena haundiz» agurtuko zutela esan zuten. Era berean, partaideen inplikazioa eta kooperazioa «bikaina» izan zela ere aipatu zuten eta, horregatik, elkarteko kideek eta Euroeskualdeko ordezkariek eskerrak eman zizkieten guztiei.

 

Egonaldi bana Iruñean, Bordelen eta Hernanin

Abentura hasi zutenetik, hiru egonaldi izan dituzte proiektuan parte hartu dutenek. Lehenengoa, Iruñean izan zen, maiatzean; bigarrena, Bordelen, ekainean; eta hirugarrena, Hernanin, joan den uztailean. Saioetan, hainbat auzi jorratu dituzte; hala nola, hizkuntza aniztasuna eta etorri berrien harrera. Horretarako, zinema jarri dute erdigunean, eta gai horiekin harremana duten sei pelikula ikusi dituzte. Gero, proiekzio bakoitzaren ondoren, debaterako eta hausnarketarako txanda ireki dute. Hori ez ezik, bestelako ekintzak ere izan dituzte: erakusketak, gazteluetara zein museotara bisita gidatuak, edota gaubelak.

Azken balorazioa, oso positiboa

Proiektuaren emaitzak eta balorazioa ere aurkeztu zituzten atzoko ekitaldian. Oro har, ebaluazioa «oso positiboa» izan dela jakinarazi zuten. Besteak beste, hauxe adierazi zuten proiektuko zenbait partaidek: «esperientzia honek balio izan dit hobeto komunikatzeko eta nire hizkuntza hitz egiten ez duten beste herritarrekin momentuak elkarbanatzeko»; «konturatu naiz  erraza dela hizkuntzaren hesiak apurtzea»; «guztiok ditugu kultura eta ohitura ezberdinak, baina horrek ez du esan nahi lagunak izan ezin dugunik».

Horren haritik, Xabier Lertxundi alkateak eskerrak eman zizkien proiektuaren gidariei eta partehartzaile guztiei, eta bide beretik jarraitu behar dela helarazi zuen; «eskualde ezberdinetan bizi garenean, zaila da gure artean elkartzea. Hernanin bertan ere horixe bera gertatzen da. Eta, beraz, eskualde askorekin lan egiten dugunean, erronka are eta haundiagoa da. Beraz, zorionak egindako lanagatik. Argi utzi duzue elkar ezagutzatik askoz errazagoa dela inklusioa sortzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!