Igorin eta Akola inguruko trikuharriak ezagutzeko bisita gidatua, irailaren 18an

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 00:00
Sagastietako trikuharria, Akola inguruan.

Zabalik dago izena emateko epea, eta orain arteko irteerak bezalaxe, doakoa izango da. 

Donostialdea Turismoak, Beterri Buruntzako Udalekin elkarlanean, hainbat irteera antolatu ditu udara honetarako. Helburua da «Donostialdeako ondare naturala eta kulturala ezagutzea» eta, horregatik, txangoak prestatu dituzte Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarteko, Urnietako eta Usurbilgo inguruetan. Denera, 6 ibilaldi aurkeztu zituzten joan den uztailean, eta dagoeneko bete dute plangintzaren erdia. Bisita guztiak doakoak eta gidatuak dira. Alegia, bertako pasadizoak eta historia ezagutzen duen norbaitek azaldu du inguruaren gaineko informazio guztia.

Egitarau horren barruan, bihar, Usurbilgo Urdaiaga auzotik barrena ibiliko dira. Bertan zeuden zetak, burdinolak, San Esteban eliza eta baserrien historia ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Ordu eta erdiko ibilaldia izatea espero da, 10:30etatik 12:00etara, gutxi gorabehera. Interesa dutenek, zabalik dute izena emateko epea: donostialdea@behemendi.eus helbidera idatzita do, bestela, 656 705 243 telefonora deituta. Azken kasu horretan, gaur, ostirala, dute epemuga, goizeko 09:00etatik 15:00etara. 


Irailaren 18an, Hernanira

Antolatutako azken txangoa Hernanin izango da. Hain justu, hemendik bi aste barru, irailaren 18an, Igorinera eta Akolara egingo dute bisita gidatua. Bertako trikuharriak eta megalitoak ezagutzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.

Adarramendira, Urnietara, antolatutakoarekin batera, bisita luzeenetarikoa izango da azken hori. Izan ere, denera, 4 orduko ibilaldia beteko dute mendizaleek. Bestalde, zabalik dago izena emateko epea eta, gainerako bisitetan bezalaxe, aforoa mugatua izango da; gehienez ere, 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!