Ansa eta Barrenetxea gustura, materialarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 00:00

Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa

Hernaniarrak pelota astunagoak eta biziagoak aukeratu ditu eta urnietarrak,  berriz, arinagoak.

Ansa II.ak eta Barrenetxea IV.ak aukeratu zituzten asteartean,  Galarretan, larunbatean Banakako Erremonte Txapelketako finalerdian erabiliko dituzten sei pelotak. Imanol Ansa urnietarra izan zen kantxaratu zen lehena eta hiru pelota bereizi zituen. Bik 126 gramo pisatu zituzten eta batek 128 gramo. Endika Barrenetxeak hartu zion lekukoa. 128, 129 eta 130 gramoko hiru pelota aukeratu zituen atzelari hernaniarrak.

Ansaren pelotak arinagoak dira eta Barrenetxearenak, aldiz,  astunagoak. Hori bai, biak oso gustura geratu ziren aukeratutako pelotekin.

50 pilota zituzten bila zebiltzana aurkitzeko, eta Ansak esan zuen hasieran ez zekiela zein pelota aukeratu. «Gero, ordea,  gauzak argiago nituen. Jokatzen uzten duten pelotak aukeratu ditut. Nireak arinagoak dira, pelota astunak mugitzea gehiago kostatzen baitzait. Hobeto maneiatzen ditut eta pisu diferentzia hori asko nabaritzen dut».

Barrenetxeak pelota astunagoak eta gehiago ateratzen direnak bereizi zituen. «Bi erdi biziak dira eta bestea, bizia. Ansaren pelotak ere biziak direla uste dut, horietakoren bat nik aukeratu nezakeen. Harritu egin nau, pelota lehorragoak aukeratuko nituela uste nuelako, baina nahiago izan du berarentzat erosoak direnak aukeratu».

Horrekin batera, atzoko alean aipatu bezalaxe, finalerdirako eta finalerako 10 sarrera jarri ditu Kronikak eskuragarri, Doberako bazkideentzat eta kronikalarientzat. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!