Landaren jokatuko da 18 urtez azpiko lehenengo Couth Nazioarteko Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 00:00

Josean Erdozia, Joxe Gurutz Elosegi eta Patrick Polidori txapelarekin eskuetan Orona Ideoko aurkezpenean.

Zazpi talde indartsu lehiatuko dira etzi, larunbatean, eta igandean: Hernani, Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique, San Juan de Luz, Mouguerre, Sant Cugat eta Les Abelles. Partiduak goizez jokatuko dira.

Hernani Club Rugby Elkarteak harrobiarekiko duen konpromisoaren barruan, 18 urtez azpiko mailarako nazioarteko txapelketa antolatu du asteburuan, irailaren 4an eta 5ean. Hernaniko Couth enpresak babestuko duen txapelketa Hernaniko Landare-Toki zelaian jokatuko da goizeko bi jardunaldirekin.

Txapelketaren antolakuntzaren lanak duela hilabete batzuk hasi baziren ere, atzo arratsaldean eman zitzaion hasiera ofiziala Orona Fundazioan egin zen aurkezpenarekin. Bertan, HCREko lehendakaria Joxe Gurutz Elosegi, Patrick Polidori kirol zuzendaria eta Couth enpresako CEOa den Josean Erdoziak parte hartu zuten.

Etzi, larunbatean, hasiko den txapelketan zazpi taldek parte hartuko dute. Azken orduko aldaketengatik eta Covid-19aren eraginez, El Salvador taldeak ezin izango du Hernanin egon. Gainontzekoan, etxeko taldearekin batera, Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique, Donibane Lohitzune, Mouguerre, Sant Cugat eta Les Abelles taldeak arituko dira. Bi multzotan banatuta eta 17 minutuko bi zatiko partiduetan talde bakoitzeko onenak jokatuko du lehen edizio honetako final haundia igande eguerdian.


18 eta 16 urtez azpikoen akademia jarriko da martxan, Hernanin

Joxe Elosegi lehendakaria pozik agertu zen txapelketaren antolakuntzarekin eta, gainera,  aurten, «azkenik», akademia ere martxan jarriko dela azpimarratu zuen. «Nazioarteko kutxua du torneoak eta lehenengo edizioa urteetan jarraituko duen aurrenekoa izatea espero dugu. Era berean, aurten, 18 eta 16 urtez azpiko jokalarientzat akademia jarriko dugu martxan. Nolabait horri bermea emateko eta jokalari guztientzat erakargarria izateko pentsatu genuen torneoa antolatzea. Festa haundia antolatzea espero dugu eta,  gainera, ikusleak sartu daitezke harmailetara, iaz denboraldi osoa ikuslerik gabe jokatu eta gero Landaren».

Patrick Polidori entrenatzaile eta kirol zuzendariak txapelketaren xehetasunak azaldu zituen. «Torneo hau pasa den denboraldian gertatutakoaren ondorioa da, urtez azpiko taldeek arazo asko izan zituzten entrenatu eta jokatzeko; baina,  hala ere,  18 urtez azpiko taldeak lan ikaragarria egin zuen. Espainiako txapelketan,  hirugarren sailkatu ziren; eta, horri tiraka, estatuko eta Iparraldeko talderik onenekin maila haundiko txapelketa osatu dugu. Hori posible egiteko beharrezkoa izan da babesleen eta, batez ere, babesle pribatuen laguntza. Aviron Bayonnaisek Europan jokalari gehien ateratzen dituen hirugarren taldea da; eta Biarritz ere, harrobi mailan, Frantzian, oso talde garrantzitsua da. Babesle pribaturik gabe, estatu eta Euskal Herri mailan, horrelako txapelketa antolatzea ezinezkoa izango litzateke».

Kirol arloan nola jokatuko den ere azaldu zuen Polidorik. «Maila hauetan jokalariek ezin dituzte 200 minutu baino gehiago jokatu asteburu batean; eta,  horregatik, bi egunetan 34 minutuko partiduetan jokatuko da. Talde bakoitzak ez ditu bi partidu baino gehiago jokatuko egun bakoitzean. Larunbatean,  10:30etan hasiko dira partiduak eta 14:00etan amaituko dira. Igandean, 09:30etan hasiko da jardunaldia eta 14:00ak aldera emango zaio amaiera txapelketari final haundiarekin».

Errugbiari bultzada eman behar zaiola azpimarratu zuen. «Errugbia kirol minoritarioa eta denentzako egokia baita». 


Lagunartekoa, larunbat arratsaldean

Bien bitartean, Ohorezko B Mailan eta 23 urtez azpiko maila nazionalean arituko diren taldeek larunbat arratsaldean jokatuko dituzte sasoi berriko lehen prestaketa partiduak. Bi taldeek Landaren bertan Boucau Tarnos taldearen bisita jasoko dute. Gazteenek, arratsaldeko 16:00etan izango dute norgehiagoka eta nagusiek, berriz, arratsaldeko 17:30etan.


CMO Valves eta Ford Garaje Tolosa enpresa tolosarrak, babesle nagusi eta babesle  

Hernanik 2021-2022 denboraldia hasteko prestaketa lanei ekin dion honetan, denboraldirako babesle nagusi berria du aurten. Tolosan kokatuta dagoen CMO Valves enpresa entzutetsua izango da hernaniarren babesle nagusi berria. Gainera, Ford markak Gipuzkoan duen kontzesionario ofizialak ere, Garaje Tolosa, lurralde historikoko taldea babestuko du datorren denboraldian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!