Bigarren eskuko azoka jarriko du Amherrek bihar, bere lokalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 00:00

Aurretik azoka antolatu izan du Amherrek.

Latsunbe 42 helbidean du lokala eta herritar guztientzat egongo da zabalik, goizean zein arratsaldean.

Amherren lokalean (Latsunbe 42), bihar, 11:00etatik 18:00etara, bigarren eskuko doako azoka izango da. Amherrek baliabideak berrerabiltzearen aldeko apustua egiten du, «bizi dugun kolapso ekologikoaren aurrean eman daitezkeen laguntzetako bat baita». Horregatik, bigarren eskuko arropa edo tresnak erabiltzearen aldeko ideologia aldaketa bultzatzen du; eta, hori, «hasiera batean, pobreziarekin lotu daiteke». Gizarteak sortutako neurrigabeko kontsumoaren eta ondorengo zaborraren aurrean, irtenbide gisa ikustea nahi du Amherrek. «Ekonomia zirkularrean eta produktuen bizitza luzatzean sinesten dugu, bigarren eskuko erabilera baliabideen ezintasunarekin soilik lotu gabe, Amherrengana hurbiltzen den jende gehienak behar ekonomikoagatik egiten duela badakigun arren. Biltegia daukagunetik, jende asko hurbildu da gugana arropak, jostailuak eta abar ematera, eta horrek elkartea eta egiten dugun lana ere ezagutarazi die».

Azoka hori beste batzuetan baino haundiagoa izango da; izan ere, laster aldatuko dute lokala, nahiz eta dohaintza eta entrega zerbitzuak funtzionatzen jarraituko duen, «une egokia iruditzen zaigu ikasturtea hasten den une honetan gehien urratutako ekonomietan laguntzeko. Gogorarazi nahi dugu azoka hau herritar guztientzat zabalik dagoela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!