Landare industriaguneko bidea berritu eta gabeziak konpondu dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 00:00

Errepidea berritu da eta ingurua egokitu da.

Segurtasuna hobetze aldera, zoladura berritu dute eta, horrez gain, espaloiak eta bidegorria egin dituzte.

Landare industrialdearen errepidea berritzeko obra amaitu berri du Udalak. Errepide horrek zituen zenbait gabezia konpondu dira; hala nola, ur-hornidura sarea, kaleko argiztapena, oinezkoentzako espaloia eta errepidearen zoladura berritu dira. Horretaz gain, bizikletentzako bidegorria ere egin da. Hartara, oinezkoentzako 1,5 metroko espaloia egin da, 2,2 metroko bidegorria eta 6,4 metroko errepidea.

Obra horri esker, bertatik igarotzen diren kamioien eta ibilgailuen segurtasuna nabarmen hobetuko da, baita Landare errugby zelaira edo industriagunera oinez joaten diren pertsonen segurtasuna ere, lehen ez baitzegoen espaloirik.

Bide horrek, gainera, garrantzi estrategiko haundia hartuko du etorkizunean eremu horren garapen urbanistikoa egiten denean. Izan ere, Floridako eremu horretan, AMR enpresa zenaren lurzoruan, zenbait etxebizitza eraikiko dira. Etxebizitza multzo berri hori amaitzen denean, herritar horiek ibilgailuetan egingo dituzten eguneroko sartu-irteerek herriguneko trafikoa nabarmen areagotu dezakete.

Arazo hori saihesteko asmoz, ibilgailuen jario hori guztia herrigunetik ateratzeko helburuz, hain zuzen ere, autobiderako irteera alternatibo bat lantzen ari da Udala. Izan ere, Floridatik sartu-irteera horiek bideratzeko lotura berri hori gauzatzen denean, trafikoa Landareko poligonora bideratuko da eta horretarako orain berritu den errepidea baldintza egokietan egotea ezinbestekoa da.

 

Espezie autoktonoen landaketa, udazkenean

Errepidea konpontzeaz gain, eremu horretako berdeguneak eta ibai ingurua ere txukunduko dira. Hala, egun dauden zuhaitzak -autoktonoak ez direnak- kendu eta, horien ordez, bertako zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira. Ibaiaren ertzeko eremua birnaturalizatzea da, finean, eskuhartze horren helburua. Horretarako, egun bertan utzita dauden zenbait hondakin kenduko dira. Eskuhartze hori Foru Aldundiak finantzatuko du eta udazkena aldera egitea aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!