Andoni Mujika Bertsolari gazteen Lizardi Sariko finalean ariko da etzi Zarautzen Modelo aretoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 1a, 00:00

Saioa 22:00etan hasiko da eta berarekin batera jardungo dira Txaber Altube, Aitor Servier, Sarai Robles, Aitor Zubikarai eta Ekhine Zapiain.

Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariaren finala etzi ostiralean jokatuko dute, 22:00etan hasita, Zarautzen modelo aretoan eta bertan izango da Hernaniko Bertso Eskolako Andoni Mujika bertsolaria. Azken astean egin dira bi kanporaketak eta zein sei bertsolarik jokatuko duten final haundia jakin da. Aurreko osteguneko saioan Aitor Servier bertsolari baionarra nagusitu bazen ere, hurrengo egunean Txaber Altube durangarra izan zen jaun eta jabe, erakustaldi aparta emanez.

Beraz, kanporaketetako garaile izanda, Servierrek eta Altubek zuzenean lortu zuten finalerako txartela, eta bi saioetako lau puntuazio onenak kontuan izanda honako hauek izango dira haiekin Modelo aretoan: Sarai Robles, Andoni Mujika, Aitor Zubikarai eta Ekhine Zapiain.

Sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte salgai hiru euroan, Modeloko leihatilan (pertsonako gehienez lau sarrera eskuratu daitezke).

Andoni Mujika bigarren geratu zen osteguneko kanporaketan eta berdintasun haundia espero da finalean.

Lizardi Sariak ospe haundia du urte luzeetan irabazitakoa, eta finala saio luzea izaten da, bi ordu ingurukoa, eta exigentea. Gainera puntu gehien jasotzen duen bertsoak ere saria izaten du.

Lizardi Saria irabazitakoak dira Pablo Joxe Aristorena, Jon Eizmendi, Iñaki Zelaia, Unai Agirre hernaniarrak (bi aldiz)  eta Agin Laburu astigartarra, besteak beste.

Pasa den urtean Ane Zuazubiskar arrasatearrak irabazi zuen eta 2019an Maider Arregi oñatiarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!