Kontxako sailkapen estropadan hainbat hernaniar lehiatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 1a, 00:00

Miren Garmendia Hondarribiko neskekin ari da patroi lanetan.

Nesken sailkapen estropada gaur jokatuko da 17:30etan eta mutilena bihar izango da ordu berean.

Kontxako estropadak iritsi dira eta gaur eta bihar nesken eta mutilen sailkapen estropadak jokatuko dira. Donostiarra sailkatuta dago eta beraz Hernanik ziurtatuta du aurten ordezkaritza Xabat Pastor, Iker Imaz eta Laura Goldaracenarekin. Hala ere, gaur eta bihar bitartean hainbat mutil eta hainbat neska postuaren bila irtengo dira.


Nesken sailkapen estropada gaur jokatuko da Donostiako uretan 17:30etatik aurrera eta bertan 20 traineruk hartuko dute parte zazpi lehenengo postuetan geratzeko asmoz. Tamalez ez da Hernaniko Maialen trainerua ariko, baina neska arraunlari hernaniar ugarik egingo dute arraun beste talde batzuetan sakabanatuta. 


Honela, Tolosaldean Eider Barba eta Enara Villenak aukera asko dituzte iraileko bi igandeetarako sailkatzeko. Hibaikan laukote hernaniarra dabil: Uxue Alberdi, Garazi Arabiotorre, Ihintz Larrañaga eta Jone Pastor. Hondarribian Miren Garmendia patroiak zuzentzen du Ama Guadalupekoa ontzia eta Lapurdirekin ari dira Oihana Goenaga, Leire Zubieta eta Estitxu Zabala, Asier Ocon entrenatzaile dela. Ea zenbatek lortzen duten sailkapena. 


Bestetik, mutiletan Ondarroan Ivan Lopezek aukerak ditu bi igandeetarako estropadara sailkatzeko. San Juaneko traineruan Imanol Muñozek hartuko du parte sailkapenean. Donostiarra Bn aritu diren lau hernaniarrak ez dira ariko, ezta Trintxerpen arraun egin duen Xabi Medina ere. Mutilen kanporaketa bihar jokatuko da, 17:30etatik aurrera. Guztira 24 traineru egongo dira irteeran. 


Bestetik, gogoratu behar da aurten 50 urte beteko direla Hernani Kontxan aritu zen lehendabiziko urtetik. 1971an Hernaniko mutilen trainerua Kontxan aritu zen arraunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!