Arrakasta haundiz amaitu berri da 'Uda Hernanin 2021' programazioa

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 1a, 00:00

'El Funeral' ikuskizuna izan zen jende gehienetakoa bildu zuena.

Ikus-entzuleen erantzuna bikaina izan da, eta guztira, 1.240 lagunek eskuratu zuten gonbidapena eta hurbildu ziren emanaldietara, inguruan pilatutakoak kontatu gabe.

Faltan 7 konpainiaren Express zirku-antzerki ikuskizunaren eskutik amaitu zen larunbatean Uda Hernanin 2021 programazioa. Haur zein helduek ederki gozatu zuten akrobazia eta umorez betetako emanaldiarekin.

Horrela, uztailaren 17az geroztik Atsegindegi plazan astebururo egindako programazioa amaitu da. Emanaldiak aforo mugatuarekin eta segurtasun-neurriak betez egin dira.

Guztira, 7 zuzeneko emanaldi eskaini dira, diziplina anitzekoak eta publiko guztiari zuzenduak. Horiei Chillida Leku museoan egindako zinema kalean eta pertseiden behaketa jarduerak erantsi behar zaizkie, museoarekin elkarlanean egindakoak.

Ikus-entzuleen erantzuna bikaina izan da, eta guztira, 1.240 lagunek eskuratu zuten gonbidapena eta hurbildu ziren emanaldietara, inguruan pilatutakoak kontatu gabe. Emanaldietarako gonbidapenak agortu egin dira kasu guztietan.

 

Irailean kultur ekitaldi gehiago

Udako programazioaren amaierarekin, Euskal Jaien txanda izan ohi da, baina aurten ere, Euskal Jaien batzordeak erabaki du ohiko egitaraua aurrera eramateko baldintzarik ez dagoela. Hala ere, zenbait jarduera egingo dira, hala nola, herri kirolak, trikitixa txapelketa, pilota partidak, bertsoak eta kultur jarduerak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!