Milagros Zeberio Aranburuk 100 urte bete zituen atzo

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 00:00

Familiak, Lertxundi alkateak eta egoitzako langileek omendu zuten Milagros.

Hernaniko adinekoen egoitzan omendu zuten familiak, Zerbitzu Sozialetako langileek eta Udal ordezkariek.

Milagros Zeberio Aranburu hernaniarrak 100 urte bete zituen atzo eta omenaldia jaso zuen atzo Hernaniko adinekoen egoitzan. Hernaniko Agerre baserrian jaio zen Milagros, 1921ko abuztuaren 30ean. Hernani eta Donostia bitartean eman du bere bizitza eta duela sei urtetik bizi da Hernaniko adinekoen egoitzan.

Haurra zela utzi zuen Milagrosen familiak Agerre jaioterria behiak zituen baserri batera bizitzera joateko. Lau senide ziren, bi neska eta bi mutil. Milagros amarekin batera joaten zen esnea saltzera Donostiara, zaldiez bultzatutako karro batean.

Lana eta ikasketak uztartzeko aukera izan zuen urte haietan, eta beste bi lagunekin batera egunero Martuteneko Apostolinen eskolara joaten zen tranbian.

Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, baina, behitegia itxi eta Galarreta auzoko Limoi baserrira joan ziren, osaba baten etxera. Ondoren familiak Arriatsu baserri zaharra hartu eta bertara bizitzera joan ziren.

Haien bizimoduan aldaketa haundia ekarriko zuen Milagrosen amaren lorpen batek: gidatzeko baimena atera zuen (Gipuzkoako bosgarren emakumea izan zen) eta furgoneta zahar bat eskuratu zuen esnea partitzen jarraitzeko.

Arriatsun bizita, baina, eskolara joateari utzi zion. Ama esnea banatzen laguntzen segitu zuen eta tarteka eskola partikular batera joaten zen.

17 urte zituela beste aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen Milagrosen bizitzan: seme-alabarik ez zuten izeba-osaba batzuekin bizitzera joan zen Donostiara. La Estrella izeneko okindegi bat zuten eta jo eta ke lan egin zuen negozioan, ia atsedenik gabe.

 

«1960an senarrarekin batera Esnal okindegi eta pasteleria ireki zuen»

Osabaren lankide zen mutil batekin ezkondu zen Milagros eta Galiziara egin zuten ezkon-bidaia. Obradorearen gainean bizitzen jarri ziren baina handik eta urte batzuetara beste norabide bat hartu zuen familiak: haien negozio propioa sortu zuten Hernanin, Esnal okindegi-pasteleria, 1960an. Ordurako bi ume zituzten. Senarra gozogileen elkarteko kide egin zen eta negozioan lan egin zuen. Urte haien oroitzapen ona dauka Milagrosek, gustura lan egin zuelako haien negozioan.

Bidaiazalea da Milagros eta lagunekin batera leku asko bisitatu ditu urteotan.

Osasunak behartuta, ostera, adinekoen egoitza batera joatea erabaki zuen; lehenengoz Donostian egon zen eta orain dela 6 urtetik Hernaniko egoitzan dago. Familiak, lagunek, Udal ordezkariek eta adinekoen egoitzako langileek bertan egin zioten atzo omenaldia. Xabier Lertxundi alkatea eta Zerbitzu Sozialetako lehendakaria bertan izan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!