Atxilotuei elkartasuna adierazi die Hernanin Gazte Koordinadora Sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 00:00

Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistako kideak, atzo, Plazan elkartu ziren.

Plazan elkartu ziren atzo eta «jazarpen poliziala» ere salatu nahi izan zuten. «Langileriaren bizi-baldintzak dira kaltetuak, burgesiak bere interesak bermatzen dituen bitartean».

Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak kontzentrazioa antolatu zuen atzo Gudarien Plazan larunbata eta igande arteko gauean egondako istiluen harira. «Jazarpen poliziala salatu eta atxilotuei elkartasuna adierazteko» antolatu zuten. 


Larunbata gauean Ertzaintzak pertsona bat atxilotu zuen Hernanin. Ertzaintzak adierazi zuenez «pilaketak saihesteko eta botiloiak ekiditeko» bertaratu ziren kaxkora. Baina berehala okertu zen egoera, eta bi aldeen arteko liskarra sortu zen. Azkenean, herritar bat atxilotua izan zen. 


GKSren irakurketa ondorengoa da: «Hernaniko kaxkora sartu zen Ertzaintza, ordu txikitan bertan zeuden gazteen kontra oldartuz. Gazte bat atxilotu zuten». 


Ostiral gauean beste gazte bat atxilotu zuten Andoainen. «Argi ikusten da edonon, ez dira garai errazak. Enegarren krisi honetan ere, langileriaren bizi-baldintzak dira kaltetuak irteten direnak, burgesiak bere interesak bermatzen dituen bitartean. Egoera honetan, eta Covid 19-aren izurritean argi geratu zen moduan, batzuen interes ekonomikoak dira ongizate unibertsalaren aurrean gailendu direnak».


«Berregituratze orokor bat inposatzen ari dira»
GKSren arabera, «krisiaren eraginez, berregituratze orokor bat inposatzen ari dira. Hori dela eta, burgesia, kapital metaketari funtzionala zaion gizarte forma egituratzen hasia da jada. Hori, gaur egun, askatasun eta pobrezia orokortuaren forma hartzen ari da».


Koordinadoraren ustez garrantzitsua da, gainera, «gizartearen bilakaera hau baimentzen ari diren agente guztiak seinalatzea.  Kolore guztietako alderdi instituzionalak izan dira gaur, baita pandemia guztian ere, estatu polizial hau indartzen lagundu dutenak. Gehiengoaren bizi baldintzen kaxkartzeak ekarri dezakeen ezinegona aurreikusiz, indar polizialak indartu eta hauen zilegitasuna areagotzen ari dira. Behin hori ahalbideturik, errazago ematen dira entzuten ari garen errepresio kasu guztiak. Bide hori erabiliz irabazi nahi dute langileriaren (gehienetan, gazte langileen) otzantasuna, askatasun eta pobrezia orokortura giltzapetu nahi gaituzten bitartean».


Horren arira «errepresioa, beraz, klase dominazioa bermatzeko funtsezko tresna da. Elkartasuna atxilotuekin!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!