Pailazoak, aizkolariak, bazkaria eta Andoni Ollokiegi kantuan Iparragirre sagardotegian, hurrengo igandean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 00:00

'Tomaxen abenturak' Ergobin, 2019ko festetan.

Osiñagan ez da festarik izan aurtengo ekainean. Hala ere, zenbait ekintza antolatu dituzte, eta datorren igandean izango dira, irailaren 12an. Bazkariko prezioa 25 eurokoa da, eta izena eman behar da aurretik:  649 493 920.   

Koronabirusak galarazi egin du aurten, ekainean, Osiñagako Jaiak ospatzea. Dena den,   egoerak hobera egin duela ikusita, zapore gazi-gozoa kendu eta zenbait ekintza antolatu ditu auzoan, Osiñagako Auzo Elkarteak. Ezer ez antolatzea baino, horretarako aukera dagoenez, egun berezia prestatzea erabaki dute. Irailaren 12rako proposatu dute plangintza, hurrengo iganderako, hain justu. Iparragirre sagardotegian, egun osoko egitaraua egin dute, adin tarte guztietako auzotarrentzat: haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat.  

Lehenik, eguna ezin hobe hasteko, Tomaxen abenturak antzerki emanaldia izango da, goizeko 11:30etan hasita. Etxeko txikienek gozatzeko obra da; Muxi eta Tomax dira protagonistak eta Muxik zinema oso gustuko duenez, Tomax konbentzituko du filma grabatzeko. Biak dira oso abenturazaleak, asko gustatzen zaie txantxak egitea, eta ederki pasatzen dute elkarrekin. Beraz, entretenimendua ziurtatuta egongo da beraiekin.

Ondoren, ikuskizuna amaitzean, 12:30ak aldera, aizkolarien txanda helduko da. Oraingo honetan, bikoteka arituko dira elkarren aurka: batetik, Nerea Sorondo eta Jokin Urretabizkaia izango dira; eta, bestetik, Suharri Rodriguez Paolla eta Laiene Pikabea. 


Bazkaria eta kontzertua

Plangintzari jarraipena emateko, bazkari goxoa egingo dute Iparragirre sagardotegian. Bazkariko prezioa 35 eurokoa da, eta interesa dutenek, aldez aurretik eman beharko dute izena 649 493 920 telefono zenbakian.

Bazkaldu eta gero, Andoni Ollokiegik jarriko dio doinua igandeko egitarauari. Gitarra hartuta, betiko abestiak kantatuko ditu sagardotegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!