Victor Goikoetxearen 'MiramArt' obra txukunduko eta garbituko du Udalak, eta argiztapena hobetuko du

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 00:00

Antiguako tunela, Victor Goikoetxea hernaniarraren 'MiramArt' artelanarekin.

Kontxako pasealekuan, Donostian, dago hernaniarraren lana. Antiguako tunelean, ur azpia irudikatu zuen eta arrakasta haundia izan du. Orain, tunelaren egoera kaxkarra denez, Udalak konponketa lanak egitea erabaki du. 

Donostiako Ondarretaren ondoko tunelean dago MiramArt, Victor Goikoetxea hernaniarraren artelan ospetsuenetariko bat. 2016 urteko ekainean inauguratu zuten, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua izendatu zutenean. Ordutik, arrakasta haundia izan du turisten eta bertakoen artean. Izan ere, aluminioko piezak tamaina haundia du (30,00 x 7,05 metro) eta kolore urdinek zein marroixkek oinezkoen atentzioa berehala bereganatzen dute.

Gainera, hasiera batean behintzat, totem interaktibo bati esker, tunela zeharkatzen zuen pertsona kopurua jakiteko aukera zegoen, eta, horrez gain, led teknologia zegoenez, tunela guztiz argiztatuta egoten zen egun osoan. Horrelako tresnei esker, jakin zuten, esaterako, lehenengo urtean 4,4 milioi oinezkok zeharkatu zutela tunela.

Joan den urtean, ordea, Goikoetxea bera kezkatuta agertu zen artelanaren egoerarekin. Azaldu zuen kresalak eta bandaloek kalteak eragin dituztela, eta Donostiako Udalari eskatu zion lehenbailehen garbitu eta konpondu zezala. Hain justu, azken urteotan ezbeharrak gertatu dira tunelean, zenbait herritarrek obra zikindu dutelako eta bertako teknologia puskatu dutelako. Horrek elektrizitatea moztea ekarri du eta, beraz, argiztapenik ez dago gertaera horiek izan zirenetik. 


Udara amaitzean hasiko dituzte konponketak

Gertatutako guztia aintzat hartuta, Udalak Goikoetxearen eskakizunari erantzutea erabaki du, eta aurrerapauso hori emango duela jakinarazi du. Tunela txukuntzeko, garbitzeko eta argiztapena hobetzeko konpromisoa hartu du eta langileek udara bukatzean ekingo diote lanari. Horrela, konponketa guztiak amaitzean, MiramArtek duela bost urteko itxura berreskuratuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!