Zinta karrerarekin, pailazoekin eta beste ekintza askorekin amaitu ziren atzo, aurtengo Portuko Jaiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 29a, 00:00

Haurren eta gaztetxoen koadrilek topera aprobetxatu zituzten festak.

Herenegun eman zioten hasiera egitarauari, eta atzo bukatu ziren festak. Giro paregabea izan zen auzotarren artean. 

Ez ohikoak izan badira ere, aurtengoan posible izan da hainbat ekintza antolatzea Portuko Jaien egitarauaren barruan. Goizetik arratsaldera arte, atzo eta ostiralean, denetarik egiteko aukera izan zuten auzotarrek. Hain justu, adin tarte guztientzako jarduerak prestatu zituen jai batzordeak, eta egun osoan aspertzeko tartetik ez zuten izan.  

Ostiralean, txupinazoa eta guzti entzun zen herrian, hainbat etxefero bota baitzituzten Portukoek. Horrez gain, egun osoan izan ziren marrazki lehiaketa, puzgarriak, txistulariak, haur jolasak, urteroko loreontzi lehiaketa, sardina jatea, bingo solidarioa eta Andoni magoaren ikuskizuna.

Eta hori gutxi balitz, atzoko egunean ere hamaika egiteko izan zituzten auzoan. Goizean, tiro karabinarekin ireki zuten egitaraua, 11:00etan. Ondoren, eguerdian, zinta karrera ospetsua izan zen auzoan. Bazkal ostean, imajinazioari eragin zioten eta eskulan tailerrean parte hartu zuten haurrek eta gaztetxoek. Arratsaldean, barre-algaren artean, pailazoekin gozatu zuten etxeko txikienek eta bertaratutako guztiek; eta, jarraian, Toka eta bote txapelketa egin zuten. Eguna amaitzeko, Arbasoak taldeak doinua jarri zion jaien azken txanpari, eta musikaren laguntzaz, afari autogestionatuan elkarrekin afaldu zuten auzotarrek. Eta, azkenik, festak elkarrekin agurtu zituzten, gaueko 23:00etan.

Zinta karreran ezin hobe moldatu ziren auzotarrak. 
 
Patxin eta Potxin pailazoekin ederki gozatu zuten etxeko txikienek. 
 
'Toka eta bote' txapelketa, atzo arratsaldean. 
 
Tiro karabinako irabazle gazteak. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!