'Zinema, gazteria eta migrazioak' proiektuko azken ekitaldia, ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 29a, 00:00

'Zinema, gazteria eta migrazioak' programako zenbait kide, topaketa batean.

Amherrek antolatuta, Biterin izango da, 12:00etan. Bertan izango dira parte hartu duten partaide guztiak. 

Irailean sartzearekin batera, bi ekintza antolatu ditu Amherrek datorren asterako. Batetik, bigarren eskuko azoka izango da ostiralean. Eta, bestetik, Zinema, gazteria eta migrazioak proiektuaren azken ekitaldia, ostegunean. Azken hori Biterin izango da, eguerdiko 12:00etan. Aforoaren kontua dela eta, soilik bertaratu ahal izango dute programan parte hartu dutenek.

Proiektu horrek zinema tresna gisa erabiltzen du Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea osatzen duten hiru eskualdeetako gazteek arlo hauekin lotutako gaien gainean eztabaidatzeko: migrazioekin, Euroeskualdeko herritartasunarekin, kontzientzia europarrarekin, harremanetan dauden kulturekin, aniztasunaren balioarekin eta kulturartekotasunarekin, hiru hizkuntzen erabilerarekin (euskera, gaztelania eta frantsesa), beste pertsona batzuekiko elkarlanarekin, partehartze demokratikoarekin, errespetuarekin, mutilen eta nesken arteko adiskidetasunarekin, eta elkartasunarekin. 

Hainbat saio, Hernanin, Bordelen eta Iruñean
Programa honetan, hiru eskualdeetako 30 gaztek (migratzaileak eta ez-migratzaileak) eta beste 10 pertsona helduk parte hartu dute, azken horiek dinamizatzaile eta koordinatzaile lanetarako. Denera, hiru topaketa egin dira Bordelen, Hernanin eta Iruñean; eta, guztira, 6 film proiektatu dituzte saioetan, gero horietan azaldutako gaiei buruz eztabaidatzeko eta ondorioak ateratzeko.

«Zailtasun asko izan ditugu, batez ere Covid-19agatik; baina, azkenean, hasieran prestatu genuen programazio osoa betetzea lortu dugu», azaldu dute. Eta horren haritik, hauxe gehitu dute: «gazteen eta antolatzaileen partehartzearekin egindako azken ebaluazioa oso positiboa izan da».

Ostiralean, orain arte egindako lana aurkeztuko dute Biterin proiektuan parte hartu duten hiru eskualdetako hainbat gaztek eta ordezkarik.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!