Astelehenean hasiko da aurtengo Tilos 7 Pasa pala txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 28a, 00:00

Tilos 7 Pasako aurreneko faseko partidua, 2017an.

Urrira bitartean jokatuko da eta 56 bikote izango dira aurtengoan, 4 kategoriatan banatuta.  

Joan den urtean ez zen Tilos 7 Pasa pala txapelketa egiteko aukera izan. Aurten, ordea, osasun egoerak hobera egin duela ikusita, betiere segurtasun neurriak beteta, kirol jarduerak baimendu dituzte. Hori horrela, urteroko txapelketa jokatuko da. Etzi, astelehenean, hasiko dituzte norgehiagokak, eta urrira arte luzatuko dira.

56 bikote eta 4 kategoria  
Denera, 56 bikotek parte hartuko dute, 4 kategoriatan banatuta: lehenengo maila, bigarrena, herrikoia eta neskena. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 12 bikote arituko dira lehenengo mailan; horietatik, 4 gipuzkoarrak dira eta gainerakoak, berriz, nafarrak eta bizkaitarrak. «Beti bezalaxe, kategoria horretan oso bikote gutxik disputatzen dute. Izan ere, oso zaila da erritmo horretan jokatzea, eta maila oso altua da».
Bigarren mailan, aldiz, 30 bikote lehiatuko dira.  Urtero moduan, kategoria horrek du partaide gehien. «Zaleek ikusteko maila politena da eta oso orekatuta  egotea espero da. Hain justu, partidu asko jokatzen dira, eta lehenengo mailan baino bixitasun gehiago egoten da, arrisku gehiago hartzen dutelako tantoa aurrean bukatzeko», adierazi dute antolatzaileek.

Herrikoian, izenemate gehiago egotea espero zutela aitortu dute. Dena den, aurten, 9 izango dira eta «saltsa ziurtatuta» egongo dela jakinarazi dute. Eta, azkenik, nesketan 5 bikotek parte hartuko dute, eta horretan ere maila ona egotea aurreikusi dute.


Sailkapen sistema     

Etzi hasiko da txapelketa, Tilosetako frontoian, eta hauexek izango dira sailkapen sistemak: lehenengo mailan, bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira final-laurdenetara; bigarren mailan, final-laurdenetarako pasea lortuko dute talde bakoitzeko lehenengo bikote hoberenek eta sei bigarren hoberenek; nesketan, liga modura antolatu dute txapelketa, eta, ondoren, zuzenean jokatuko dira semifinalak; azkenik, herrikoian, 9 bikotetik, 8 hoberenak pasako dira final-laurdenetara.

Aurreneko fasean irabazitako par­tiduetan berdinketa egonez gero, aldeko tantoak hartuko dira kontuan; alegia, tanto gehien dituen bikotea geldituko da aurretik. Sailkapen hori amaituta, partidu bakarrera jokatuko dute bikoteek txapelketan aurrera egiteko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!