Gezi gazi-gozo

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 00:00

Geziak toki zehatz batetara iristeko norabidea markatzen du eta, oro har, gustura hartzen dugun ikurra izan ohi da.

Gure ezagutza, ustea, intuizioaren baieztapen bat da, sari baten promesa bere baitan gordea duena. Geziak lasaitu egiten gaitu, kontsolatu, indarberritu. Zalantza eta, beraz, larritasuna desegiten ditu. Orduan, zergatik ez geziek markatzen dizkiguten bideetatik ibiltzera mugatu?

Koma arnasgune labur bat da, ur trago bat ibilbidean. Puntu eta komarekin eseri eta mokaduxka bat egiten dugu. Puntu batek, ordea, denda muntatu eta gaua pasatzeko uneaz abisatzen gaitu. Bi puntuak, gezi bat topatzearen momentuari jarraitzen dion isilunea. 

Gure aurrean bi bide, bata geziaz apaindua eta bestea galdera ikurraz. Badaezpada, hobe, Dorothyk bezalaxe, hori koloreko baldosa-bidea jarraitzea. Baina berehala zalantzaren azkura pausatzen da gure burmuinaren alde reptilianoan: zer ote beste bidearen amaieran? Seguraski, beste gezi bat.

Amundsenek ez zuen geziak jarraitzerik izan Hego Polora iristeko, ezta Colvinek ere bere autobus-eserlekuan irmo mantentzea erabaki zuenean. Izan ere, geziek aurretik konkistaturiko eremuetara soilik eraman gaitzakete.

Mikel Aristregi Prieto
www.mikelaristregi.eus

 

 

Hernaniko Elkarlan Sorgunea

Iturola.eus

Florida Auzoa,28 - 20120 Hernani

 

Talleres Mitxelenak babestutako atala

Eziago Poligonoa, 21
Zikuñaga Auzoa, Hernani
www.talleresmitxelena.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!