Lau gurpilen gainean, izozkiak herri txikietan saltzen

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 00:00

Rocío Mayoral atzo Zinkoenean, Leizuriko furgoneta atzean duela.

Leizurik zapore askotariko izozkiak saltzen ditu eta hauek egiteko produktu naturalak erabiltzen dituzte. Rocio Mayoralek, Leizuriko nagusietako batek, izozkiak egiteko hainbat sekretu kontatu dizkio Kronikari. 

Uda amaitzear badago ere, oraindik badago aukera eguraldiaz gozatzeko eta ahoa freskatzen duten izozki horietako bat jateko. Hirietan izozki denda ugari egon ohi dira, baina herri txikietan ez dago halakorik. Hori horrela, duela urte batzuk Rocio Mayoral eta Iñigo Olaziregiri, lau gurpil gainean izozki-denda bat irekitzea otu zitzaien; «herriz herri joateko, eta hor jaio zen Leizuri». 

Leizuri izenak badu atzean esan nahi bat: «neska baten izena ematen du, baina ez genuen asmo horrekin jarri. Leia hitza hartu genuen (izotza bizkaieraz)eta zuria hitza gehitu genion, izotz zuriari erreferentzia eginez»  aipatu du Rocio Mayoralek. 

Leizurik zapore askotako izozkiak saltzen ditu, eta Rociok jakinarazi du modu artisau batean eginak direla: «Produktu naturalak erabiltzen ditugu beti. Saiatzen gara bertako produktua erabiltzen, eta beste batzuetan produktu ekologikoak erabili izan ditugu. Horrez gain, ez ditugu kolorea eta zaporea gehitzeko produktuak erabiltzen. Gure izozkiak esan daiteke, kolorez ez direla bat ere deigarriak, baina bai errealak zaporez. Produkzioa gainera txikia da, nire lankidea den Iñigori asko gustatzen zaio ikertzea, eta zaporeak ikertzen eta berriak probatzen jarduten du». 

Lau gurpil gaineko negozio bat da Leizuri eta Rociok azaldu du abantaila asko dituela furgonetak; «hasiera batetik, gure nahia izan da izozkiak jateko aukerarik ez zuten horiei, aukera ematea. Bere herrian daudela ere, izozkia jateko aukera izatea. Kalitatezko izozkiak ematen ditugu, herri txikietan. Gainera esan beharra dut gure hasierako asmoa festetan furgoneta jartzea zela, baina pandemiarekin beste irtenbide bat aurkitu diogu, eta alde horretatik pozik gaude». 

Pandemiak eragindakoa 
Pandemiak eragin haundia izan du sektore askotan, eta horietako bat izan da Leizuri. Izan ere, Rociok dio hasierako egunak «oso zailak» izan zirela: «izozki denda edukitzeaz gain, ostalaritzarako izozkiak ere egiten genituen, baina Covid-19ak ekarritako egoerak jatetxe eta tabernak ixtea ekarri zuen». 
Pasatakoak pasata, Leizurik aurrera egitea erabaki zuen, eta oraindik tinko jarraitzen dute hainbat herri eta jatetxeetan saltzen; «urte honetako udan hasi gara berriro tabernekin mugimenduan, eta asko eskertzen dugu». 

Zapore errealak dituen izozkiak ekoizten ditu Leizurik, eta horretarako produktu naturalak erabiltzen dituzte; «guk produktu asko botatzen dugu, baina kalitatezkoa eta tamainan. Azkenean izozki bat ezin duzu hurrarekin bakarrik egin. Testuraren eta zaporearen artean aurkitu behar da oreka, eta horretan saiatzen gara Iñigo eta biok». 

Rociok azaldu du Iñigok buru belarri jarduten duela produktuekin, eta izozkiak egiteko pausuekin; «azkenean erabiltzen ditu kalitate oneko produktuak, eta izozkian bilakatzen ditu, aipatu moduan testura eta zaporearen arteko oreka harrapatuz». 

Izozkiak jaterako garaian, gezurra badirudi ere eguraldiak bere eragina izango du eta Rocio ados dago; «eguraldi ona egiten duenean jende ugari etortzen da, aldiz txarra eginez gero ez. Nabarmena da eguraldiak eragiten duen aldaketa, izozkiak erostean. Oso kuriosoa da. Nik badut atzerriko lagun bat, eta hona etortzen zenean harritu egiten zen, neguan izozki dendak itxita zeudelako. Han urte osoan egoten dira irekita, eta neguan ere kalean izozkia jateko ohitura dago, eta Euskal Herrian aldiz ez». 

Udazkena ate joka
Udazkena hurbiltzen doa, baina Leizurik izozkiak saltzen jarraitzeko asmoa dauka, udan ez dutelako behar beste aprobetxatu: «espero dugu udazken ederra egitea, hemen askotan urrira arte oso eguraldi ona egiten du eta hori aprobetxatu beharra dago izozkiak saltzeko». 

Udazkenean gainera, Leizurik Crepak ere saltzen ditu, «izozkiak neguan, Euskal Herriaren kasuan, ez dira asko saltzen. Beraz erabaki genuen zerbait beroa egitea. Hori horrela, Creepak ere eskaintzen ditugu, gehienetan urritik aurrera izan ohi da, bestela izozki denboraldia oso motza gelditzen da» zehaztu du Rocio Mayoralek. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!