Iñigo Llopis Paralinpiar Jokoetako 100 metro libretako finaletik kanpo

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 00:00

Iñigo Llopis igerilaria, Tokiorako hegazkina hartu aurretik, aireportuan.

100 metro libretako proban laugarren postua lortu zuen, 1:01.95 denborarekin. Gaur, beste proba bat izango du. 

Iñigo Llopis igerilari gipuzkoarra Paralinpiar Jokoetan parte hartzen ari da aurten, Tokion. Azken proban, ez zuen lortu finalera sartzea, laugarren gelditu baitzen 100 metro libreko lehian, S8 kategorian. Denera, 3 serie izan ziren proba horretan, Aquatic Centre igerilekuan, eta Llopis bigarrenean aritu zen. 2016 urteko Rioko Joko Paralinpiarretan ere, donostiarrak proba horretan parte hartu zuen eta bederatzigarren postuan amaitu zuen lehiaketa. Oraingo honetan, beraz, argi gelditu da maila hobetu duela.

Emaitza ona lortu zuen estilo librean, 1:01.95 denborakoa, hain justu. Gainera, lehenengo 50 metroak bete zituenean, orain arteko bere marka hoberena bete zuen. Nolanahi ere, ez zen nahikoa izan final haundian sartzeko. 

Donostiarraren txandan, le­henengo hiru postuak lortu zituzten Dimosthenis Michalentzakis grekoak (59.49), Haijiao Xu txinatarrak (1:00.05) eta Matthew Torres estatubatuarrak (1:01.35). Ondoren, hiru serietako zortzi igerilari hoberenek finala jokatu zuten. Eta Llopisen txanda berean lehenengo postua lortu zuen igerilariak, Dimosthenis Michalentzakisek, hain zuzen, brontzezko domina eraman zuen etxera. Txapeldun olinpikoa Ben Popham australiarra izan zen, 57.37 denborarekin.  


Gaur, 100 metro bizkar proba

Txapelketa indartsu bueltatuko da Iñigo. Gaur izango du horretarako aukera, 100 metro bizkarreko proban. Domina lortzeko faboritoetako bat da donostiarra, izan ere, Europako txapeldun izan zen proba horretan Madeiran, Portugalen, duela hilabete batzuk.  Datorren astelehenean, asteartean eta ostiralean beste hainbat proba izango ditu Tokion: 4x100 estilo librean, 400 metro estilo librean eta 4x100 estilo. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!