Abuztua amaitzearekin batera, badatoz nobedadeak

Kronika - Erredakzioa 2021eko abuztuaren 27a

Udarako oporrak bukatzear ditugu dagoeneko, eta Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak harrera borobila egin nahi dio udazkenari. Horretarako, egoerak ahalbidetzen badu, Merkataritza Festa eta Bakailao Astea izango dira datozen hilabetetako protagonistak.  Merkataritza Festa irailean izango da. Azken urteotan arrakasta haundia izan du egun horrek, herriko dendek Kaxkoan jartzen baitituzte postuak eta kalea jendez betetzen baita. Musikaren laguntzarekin, dendariek azken eskaintzak aurkezten dizkiete hernaniarrei. Kaxkoko dendak ez ezik, Antziola inguruko dendek ere beraien produktuak jarriko dituzte salgai. Eta aurtengo data oraindik zehaztuta ez badago ere, egungo osasun neurriak errespetatuta, festa ziurtatuta egongo dela ziurtatu dute Berriakekoek.   Bakailao Astea, aldiz, urrian izango da, hilaren 4tik 17ra bitartean. Urteroko ekintzak egitea ezinezkoa izango den arren, Tabernen Arteko Bakailao Pintxo Lehiaketa izango da. Hori horrela, Berriakoek mezua luzatu diete tabernei eta jatetxeei, aste berezi horretan parte hartzeko eta pintxo goxoak prestatzeko.  Berriak Elkartea egungo osasun neurri guztietara egokituko da antolatutako ekintza guztietan. Izan ere, elkartearen nahia da aurtengo udazkena, aurreko urtetakoekin alderatuta, ahalik eta antzekoena izatea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!