«Bereziak dira Portuko Jaiak guretzat, auzotarrekin dugun harremanagatik batik bat»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 00:00

Atzo Hugo Alves, Eusebio Alvesen anaia Portu auzoan barrakak montatzen, eta azken ukituak egiten.

Urte mordoa doa Eusebio Ala urretxuarra Portuko Jaietan barrakak jartzen. Jendea disfrutatzen ikustea da Eusebioren nahia eta Kronikari kontatu dio, Portura etortzen den bakoitzean, etxean bezala tratatzen dutela.

Zein postu jartzen dituzu Eusebio?

Portuko jaietan egoten diren barraka guztiak nik jartzen ditut, hala nola, ate arrantza, txikiparka, ohe elastikoak, haurrentzako lapikoa, eta puzgarriak ere jartzen ditugu. Hernaniko Portuko jaietan dauden barraka gehienak gureak dira, eta beti joaten gara pozik, urte honetan gogo gehiagorekin gainera.

 

Txikitatik aritu al zara lanbide honetan?

Txikitatik ikasitako lan bat da nirea, nire gurasoak hasi ziren tiro pitxoiarekin eta  gu bost anai-arreba ginen. Azkenean anai-arrebok hori ikusi dugu txikitatik eta horrez gain, lanbide hau eredu gisa izan dugu. Nik hala ere, ikasketak egin nituen Euskal Herriko Unibertsitatean baina azkenean ez nuen amaitu. Barraken negozioa txikitatik ezagutzen nuenez eta honi buruz asko nekienez, aukera ikusi nuen bertan burua sartzeko. Gurasoak izan ditut erreferente batik bat, eta oso harro nago haietaz, izan ere, 40 urte daramatzate barraken mundu honetan.

Gurasoek jarraitzen dute, baina aita laster jubilatuko da, gutxi falta zaio. Hala ere gurekin egoten da, jubilatuta ere beti al pie del cañon!

Atzo arratsaldean egin zituzten barraken muntaketa lanak, Portu auzoan. 

 

Zer da zure lanbidetik gehien gustatzen zaizuna?

Egia esan jendea ezagutzea, eta jendea disfrutatzen ikustea batik bat. Jendearekin sortzen den harremana polita da. Hor dago hartu eman bat oso ederra dena, azkenean zuk ematen duzu zerbitzu bat haurrek eta helduek ere ondo pasatzeko eta jendeak hori eskertzen du. Bezeroekin dudan harremana gustuko dut eta horrekin jarraitzea gustatuko litzaidake, noski tartean Portuko auzotarrak.

 

Zein da laneko errutina?

Guk udako denboraldia apirilean hasten dugu, eta hortik aurrera herriz herri ibiltzen gara gure barrakekin. Gaur egun izaten dudan egunerokotasuna hauxe da: esnatu eta etortzen naiz barraketara. Jarraian, garbitzen dut nik eramaten dudan atrakzioa eta irekitzeko prestatzen dut.  Behin ondo garbituta dagoela, barraka irekitzen dugu, eta fitxak saltzen ditugu, gero hauek jasotzeko; horrela doa barraken mundua, fitxak entregatu eta gero bezeroek behin erabilita entregatu egiten dituzte. Laburtuta horrela izaten da barraketako egunerokoa denboraldi barruan. Hala ere, oso egun ezberdinak daude, batzuetan muntaketa eguna da, kamioiekin joaten gara eta egun hori oso neketsua izan ohi da. Kasu honetan egunerokotasuna honelakoa izan ohi da: Tokia hartu, demagun aparkaleku bat edo zelai zabal bat. Behin hau aukeratuta atrakzioak muntatzen ditugu eta hurrengo egunean ireki aurretik dena ondo garbitzen dugu, azkenean jendea gustura egotea nahi baitugu.

 

Zenbat urtez aritu zarete Portuko Jaietan lanean? Bereziak dira zuentzat?

Urte asko noa egia esan, ez dakit zehazki urtea esaten baina argi daukat 30 urte baino gehiago banoala barraketan. Nik 38 urte ditut eta jaio nintzenean nire gurasoak Portura joaten ziren, beraz denbora mordoa goaz Hernanira etortzen, eta beti da plazera.

Bereziak dira Portuko jaiak, jendearekin dugun harremanagatik, batik bat.  Bertako bizilagunek etxekoak bagina bezala tratatzen gaituzte, eta dena oso erraza jartzen digute. Gainera Portuko auzoa hain da txikia… gu joaten garenean aparkaleku zati haundi bat hartzen dugula, baina Portukoek ez dute trabarik jartzen. Oso jende jatorra da, gurekin oso ondo portatzen dira, benetan.

 

Oro har, urte gogorra izan al da barraketarako?

Pasa den urtea oso gogorra izan zen, gainera pandemia hasi aurretik, otsailean hain justu, atrakzio berriaren kreditua sinatu genuen eta martxoan pandemia etorri zen. Imajinatu daiteke ez dela egoera erraza. Oso momentu gogorra izan zen, azkenean hau izanik gure ogi bidea ez dugu beste diru sarrerarik. Barrakak eteten badira lanik gabe gelditzen gara, eta orokorrean beste sektoreetan bezala, oso urte gogorra izan da. Baina tira, aurtengo urterako esperantza badaukagu eta jendea elkartzeko eta planak egiteko gogoz dago. Pentsatzen dut txikiek barrakak faltan bota dituztela 2020urtean, eta hori errekuperatu beharra dago nolabait.

 

Datorren denboraldirako , zer espero duzue?

Momentu honetako egoerak atrakzioetan ibiltzea ahalbidetzen du  eta hori eskertzekoa da. Oraingoz segurtasun neurriak errespetatzen jarraituko dugu. Pixkanaka badirudi gauzak hobetzen doazela. Nik nahi dudana da, jendeak gurekin disfrutatzea, apurka-apurka baina aurrera eginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!