Zirku ikuskizuna bihar arratsaldean, Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 00:00

Cía- Faltan 7 konpainiako hiru kide, 'Express' emanaldian.

Cía Faltan 7 zirku konpainia internazionalak Hernani bisitatuko du gaur, 'Express' emanaldia aurkezteko. 20:00etatik hasita, denetarik ikusiko dute ikusleek, zirku diziplina ugari nahastuko baitituzte ikuskizunean: akrobaziak, oreka, clown-a, barra estatikoa eta beste asko.  

Italia, Irlanda, Galizia, Madril eta Israel. Horiek dira Cía Faltan 7 zirku konpainiaren artisten sorterriak. Circo Carampa de Madrid eskolan ikasketak 2017 urtean amaitu ostean, 15garren promozioko 8 ikaslek konpainia sortu eta abentura berri batean murgiltzea erabaki zuten. Ordutik, hamaika tabladutara igo eta aho zabalik utzi dituzte bertaratu diren ikusle guztiak. Izan ere, hainbat teknika uztartzeko gai dira emanaldietan; besteak beste, akrobaziak, baskula, mastil txinatarra, oreka eta clowna.

Oraingo honetan, Hernaniko Uda Hernanin kultur egitarauaren barruan, Express ikuskizuna eskainiko dute hilaren 28an, Atsegindegin. Arratsaldeko 20:00etan jarri dute hitzordua, eta orain arteko ekintzetarako bezalaxe, beharrezkoa da gonbidapena izatea. Dena den, sarrerak abuztuaren 17an agortu ziren, duela ia bi aste inguru. Era berean, antolatzaileek azaldu dutenez, orain arteko kultur ekintzetan bezalaxe, horretan ere ikuslegoak eserita egon beharko du, maskarilla jarrita, egungo segurtasun neurri guztiak bermatu ahal izateko.

«Koronabirusa dela eta, joan den urtea nahiko gogorra izan zen. Lanean jarraitu genuen arren, hainbat ekitaldi bertan behera gelditu behar izan ziren. Dena den, pixkanaka-pixkanaka, egoera hobetzen ari dela dirudi. Berriro ere martxa hartu dugu eta, horregatik, Hernanira joateko gogotsu gaude», helarazi du Monica Suarezek, taldeko kideak. «Aurretik ere eskaini dugu ikuskizunen bat Euskal Herrian, eta bueltatzeko gogoa dugu».

 

Italiatik, Hernanira

Italiako Alpeetan Asfaltart Arte festibalean parte hartu zuten joan den ekainean, eta Hernanin plazaratuko duten emanaldiari dagokionez ere, Andoainen egin berri dute denboraldi honetako estreinaldia, Basteron: «Lehenengo funtzioa egin dugu Ikuszirkus festibalean eta oso ederra izan da! Eskerrik asko guztiei!», idatzi zuten taldeko sare sozialetan. «Express modu kolektiboan sortu dugu, eta gure xedea da publikoa aho zabalik uztea. Gainera, esan beharra dut hasiera batean gure asmoa zela, formakuntza amaitu eta gero, gelakideak tarteka gelditzea entrenatzeko eta laguntasuna mantentzen jarraitzeko. Baina, gerora, ikusi genuen pieza bat sortu genezakela; eta, horrela, pausoz pauso, Express sortu genuen, mimo haundiz».

Talde sendoa dela antzematen da ikuskizunetan, elkar ulertzen direla alegia, zailtasun-maila altuko ariketak egiten baitituzte, zerbait erraza egiten ariko balira bezala. Taldea sortzeko, lau urteko formakuntza egin zuten elkarrekin, Madrilen; eta, orain, lagunak ez ezik, lankideak ere badira. «Gure konpainiaren izenak promozioko gainerako kideen izenak adierazten ditu, hainbat arrazoi direla medio, proiektu honen parte izateko aukera izan ez dutelako», azpimarratu du Monicak. «Ikasi duguna, zirkua, oso berezia da. Horregatik, urte hauetan guztietan bizitakoa eta bidean egindako lagunak gurekin eraman nahi genituen, taldeko izenean bada behintzat», azaldu du Monicak.

Bestalde, taldekide bakoitza zirku diziplina jakin batean da aditua. Modu horretan, emanaldi borobila egitea lortzen dute. «Denetarik ikus daiteke oholtza gainean: kaxak, kulunkak, barra estatikoa, clown-a, akrobaziak, malabareak, eta abar», dio Monicak.  Hernaniarrek, beraz, arratsalde bikaina bizitzeko aukera izango dute larunbatean. Haurrei, gazteei zein helduei luzatu diete gonbita, Atsegindegira joateko.

 

Barre-algarak, akrobazien artean

Ikuskizunaz gozatzera animatzen direnek, dibertitzeko tartea ere izango dute. Hain justu, emanaldian umorea jartzen dute erdigunean. Zirku-diziplinak ditu oinarri, baina ikusleei barrea eragiteko antzerkia ere egiten dute; «Express mezularitza-agentzian ezerk ez du behar bezala funtzionatzen. Dena hankaz gora dago, baita bertako langileak ere. Paketeak batera eta bestera dabiltza», kontatu du Monicak. «Zirku emanaldi bat da, eta ez du gidoirik. Alegia, ez du testurik, guztia keinuen bidez antzezten dugu. Banaketa enpresa bateko bulego batean dago girotuta, eta bertako egunerokotasuneko gertakizunak eta gorabeherak ikusten dira». Anabasa horretan, akrobaziak, orekak eta malabareak ikusiko dira.

«Publiko guztientzat zuzendutako showa da», jakinarazi du Monicak. «Haurrak, gazteak zein helduak, guztiak daude gonbidatuta. Erritmo altuko ekitaldia da, gainera, mugimendu askokoa eta entretenigarria», gehitu du. «Orain arte ikusitakoagatik, etorri direnek ederki gozatu dute gurekin; edo hori uste dugu, behintzat». Horixe bera ziurtatu dute sinopsian; «lana ez da amaitzen banaketa enpresan. Eskariek langileek bezain altu egiten dute hegan; eta, gainera, sorpresaz josita daude. Etor zaitez gu ikustera… Agian, jaso beharreko paketeren bat izango duzu eta!».

Konpainiako kide guztiak, entrenamenduetako batean.

Akrobaziak egingo dituzte Atsegindegin, biharko emanaldian.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!