«Taldea gogotsu eta ilusionatuta ikusten dut; ondo moldatu dira gazteak eta beteranoak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 26a, 00:00

Ohorezko Erregional mailako taldea Zubipen, atzoko entrenamenduan.

Euskal Ligako mailari eustea ezinezkoa izan zen hernaniarrentzat, eta aurtengoan Ohorezko Erregional mailan arituko dira. Aritz Lujanbio da aurtengo entrenatzailea, eta dagoeneko «martxa hartuta» daudela kontatu dio Kronikari. 

Aritz Lujanbio hernaniarra da aurtengo emakumeen lehenengo taldeko entrenatzailea. Joan den urtean, ezinezkoa izan zuten Euskal Ligako mailari eustea eta horrenbestez, Ohorezko Erregional mailan lehiatuko dira denboraldi honetan. Alegia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan konpetitu beharrean, soilik talde gipuzkoarren kontra jokatuko dute aurten. Aritzek dio «desafioa» izan dela taldearen zuzendaritza hartzea, eta «ilusioz» hasi duela aurredenboraldia. «Duela urte batzuk neskak entrenatu nituen, eta beti pentsatu izan dut gogotsu hartuko nukela emakumezkoen lehenengo taldea. Orain, horretarako aukera izan dut eta erronka baten modura hartu dut hau guztia». 

Dagoeneko bi lagunarteko jokatu dituzte; bata Oiartzunen kontra eta bestea, berriz, Añorgaren aurka. Biak galdu zituzten 0-3 eta 0-2, hurrenez hurren. «Lehenengorako, bi entrenamendu bakarrik izan genituen, eta, egia esateko, zenbait akats izan genituen zelaian. Bigarrenean, Añorgaren kontrakoan, jokoa hobetu genuela esango nuke. Jokalari gehiago izan genituen lagunarteko horretarako, eta maila hobea erakutsi genuen». Aste honetan, erritmoari jarraitzeko asmotan, Lagun Onaken aurka neurtuko dituzte indarrak, Azpeitian, eguerdiko 12:00etan. 

Aldaketak, plantillan
Aurtengo denboraldian aurpegi ezagun batzuk faltako dira Zubipen. Izan ere, Olatz Jakak futbola utzi du eta Ainhoa Lizaso usurbildarrak eta Mireia Becerra hernaniarrak taldea utzi eta Oiartzuneko Liga Nazionalean, maila gorenean, arituko dira aurten.  «Pisu haundiko jokalariak joan dira, eta hori kolpe gogorra da», aipatu du Aritzek. 

Aurrekoaren harira, taldea utzi eta beste maila batera joateko apustua egin duten futbolariei buruz galdezka, hauxe aipatu du: «batzuk errendimendu altuagoa nahi dute eta beste batzuk, aldiz, nahiago dute herriko klubean gelditu eta lagunartean momentuak bizi. Biak ikusten ditut zilegi». Dena den, herriko klubetan lan haundiagoa egin beharko litzatekeela uste du Aritzek, «herriko jokalariak herrian gelditzeko. Hori horrela izango balitz, nire ustez, maila nahikoa edukiko genuke primera nazionalean egoteko. Kanpoko jokalariek, noski, laguntza haundia eman digute. Horretarako daude eta eskertzekoa da beraien lana. Baina, uste dut, herriko jokalariak herrian geratuko balira, taldeak maila altuagoa izango lukela». 

Azken hori erronka «potoloa» dela sinesten du Aritzek. «Nik maila pertsonalean eta baita klubak ere martxan jarri beharko luken zerbait da hori. Hitz gutxitan esateko,  herriko jendea CDHn gelditzea eta ahalik eta hobekien entrenatzea kategoria hoberenean konpetitzeko».

Batzuk joan eta beste batzuk etorri. Aurten, Jone Urra oiartzuarra eta Maialen Alcubilla batu dira Ohorezko Erregional mailako taldeko plantillara. Gainera, sorpresak izan dira aldagelan, Ainhoa Ortiz de Urbina eta Leire Juanes zelaira itzuli baitira, berriz ere. 

Horren bueltan, Mikel Mancisidor Manci emakumeen koordinatzailearen izena aipatu du Aritzek, «lan haundia egin baitu plantilla osatzen».

Aldaketa horiekin guztiekin, mixa dagoela dio. «Alde batetik, beteranoak eta esperientzia dutenak daude: Leire Olasagasti, Maialen Fuentes, Ainhoa Ortiz de Urbina, Leire Juanes edota Maddi Muñoz.  Eta, beste alde batetik, jokalari gazteak, beheko taldeetatik etorritakoak. Helduek ilusioz hasi dute txanpa eta gazteagoek beteranoak izango dituzte erreferente». 

Aurrekoarekin batera, Aritzek dio jubeniletatik igotako jokalariek «kalitate haundia» dutela. «Ikusi dugu maila altuagoarekin heldu direla lehenengo taldera. Duela 10 urte, futbola ez zen apenas ikusten. Gaur egun, ordea,  asko ikusten da, eta horrek asko laguntzen du. Mutiletan ere, noski; baina nesketan salto hori asko nabaritu da». 

Entrenamenduetan gozatzea, helburu nagusia
Euskal Ligara berriro ere igotzea «zaila» dela aitortu du hernaniarrak. «34 partidu izango ditugu eta 18 taldetatik lehenengoa bakarrik igoko da, eta oso zaila da beti fin aritzea. Bigarren gelditzen denak, play offa jokatuko du Arabako eta Bizkaiko ligetan bigarren gelditu den taldeen aurka. Horregatik,  apirilera, sailkapenean ahalik eta postu gorenetan iristen saiatuko gara; eta, gero, azkeneko sei partiduetan, kale edo bale».

Baina horren guztiaren gainetik, Aritzek azpimarratu du aurtengo helburu nagusia dela «entrenamenduetan gozatzea». Horrek emango dio taldeari, bere iritziz, errendimentu altua. «Ikusita azken urteotan gorabaherak izan direla, nire jomuga hori da. Hala ere, ulertzen dut jaitsi den talde baten helburua beti izango dela mailaz igotzea edo, behintzat, sailkapeneko goiko postuetan egotea. Eta nire asmoa ere hori da, noski. Baina, momentuz, entrenamenduetan jarriko dugu fokua. Jendea gogotsu eta ilusioz ikusten dut, eta horrek emango digu indarra ondo konpetitzeko eta maila ona erakusteko». 

Metodologia aldaketa ere izan dela adierazi du entrenatzaileak. «Aurreko urtean, ariketa fisiko asko egiten zuten; eta orain, berriz, dena baloiarekin lantzen dugu. Alegia, joko errealera ahalik eta gehien gerturatzen diren ariketak egiten ditugu. Badakigu futbolera hamaika hamaikaren aurka jokatzen dela eta hori irakasten duten ariketak proposatzen ditugu».  

Denboraldi hasiera, irailean
Martxa hartuta dute dagoeneko, eta irailaren 18ko asteburuan ekingo diote denboraldiari Beti Gazteren aurka, etxean.  «Gogotsu eta lehiaketarako prest» dagoela dio hernaniarrak. «Espero dut egitekoa ondo betetzea eta, batez ere, jokalariak gustura egotea. Zerbaitetan murgilduta gaudenean, askotan uste dugu ondo ari garela. Baina, auskalo. Ni, behintzat, pozik eta ilusionatuta nago!».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!