«Bada garaia emakumeak historiako liburuetan agertzeko eta pertsona erreferenteak izateko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 25a, 00:00

Amaia Altuna eta Nerea Maiz, Pedagogiako Graduko ikasleak. Argazkia: Ataria

Amaia Altunak eta Nerea Maizek Irurako emakumeek historian egindako ekarpena ikertuko dute. Bildutako materialarekin, unitate didaktiko bat sortuko dute ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. 

Irurako emakumeek historian egindako ekarpena ikertzeko asmotan, Udaleko Berdintasun Sailak abian jarri zuen beka bat joan den apirilean. Nerea Maiz Loitegi irurarrari proposatu zioten proiektua, eta zalantzarik gabe onartu zuen erronka. Maiz Pedagogiako Graduko ikaslea da, eta bere ikasgela berean dago Amaia Altuna Etxabe hernaniarra. Gradu hasi zutenetik, «beti» egin izan dituzte lanak elkarrekin, eta ikaskideak ez ezik, lagunak ere badirela aitortu du Amaiak. Bekaren proposamenaren berri izan zuenean, Nereak Amaiari luzatu zion eskaintza. Eta, horrela, elkarrekin ekin diote bideari.

Amaiak eta Nereak helburu dute Irurako emakumeek historian jokatu duten rolaz datuak biltzea, eta, ondoren, ikerketan bildutako materialarekin unitate didaktiko bat sortzea ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. «Gu biontzat erronka bat da; sekula ez dugu horrelakorik egin», kontatu du hernaniarrak. «Baina oso gogotsu gaude, ilusio haundiarekin». Momentuz, soilik biak ari dira lanean; «hala ere, aurrerago, laguntza behar badugu, badakigu unibertsitateko irakasle batzuk laguntzeko prest egongo direla, ziur».   


Emakumeak, erdigunera

Ikerketa proiektuaren identifikazio fasea amaitu berri dute. «Oraingoz, arlo askotariko 40 bat emakume identifikatu ditugu, bai eremu publikoak bai eremu pribatukoak. Besteak beste, feminismoan nabarmendu direnak, zaintza arlokoak, industriakoak, kirolekoak, udalgintzakoak, mer­kataritzakoak, lehen sektorekoak, edota joskintzakoak», adierazi du Amaiak. Hain justu, «aniztasuna» egotea nahi izan dute, eta horregatik hautatu dituzte adin tarte eta sektore askotariko herritarrak.

Horrekin, prozesuko lehenengo urratsa bukatu dute. Hurrengo pausua izango da elkarrizketak egitea. «40 emakume horiei hainbat galdera egingo dizkiegu, eta elkarrizketa bakoitza emakumearen esperientziara eta arlora egokituko dugu», azaldu du hernaniarrak. Gainera, emakume bakoitzarentzat prestatutako galdetegiaz gain, guztiei bi galdera egonkor mahaigaineratuko dizkietela aipatu du Amaiak: Zein mezu emango zenioke etorkizuneko belaunaldiei? Zer diozu eskertzeko Irurako herriari?

Elkarrizketa fase horretan, Amaiak dio haria luzatuko zaiela; «izan ere, ziurrenik, emakume horiek beste batzuen izenak esango dizkigute». Behin hori amaituta, kontakizunak transkribatuko dituzte eta, azkenik, unitate didaktikoa sortuko dute. «Oraindik ez dakigu unitateak zein itxura izango duen, baina ikuspuntu feminista izango du, noski. Gainera, erakargarria izateko, argazkiak eta irudiak txertatuko ditugu, horrek asko laguntzen du eta». 

«Proiektu hau emakumeek idatzitako historia izango da. Aitortza egiteaz gain, justizia eta erreparazioa ere egin nahi ditugu»


«Ezinbestekoa da horrelako gaiak lantzea»

Amaiak adierazi du horrelako gaiak hezkuntzan jorratzea «ezinbestekoa» dela. «Hezkuntzan beti kontatzen digute gizonezkoek idatzitako historia, eta emakumea guztiz baztertuta gelditzen da», salatu du. «Are gehiago, klasean eta, oro har, hezkuntza formalean irakasten diguten historian, protagonistak beti izan dira gizonezkoak. Beraz, unitate didaktiko honekin egin nahi izan dena da, Iruran behintzat, emakumeak historian presente gelditzea. Oso garrantzitsua da gure inguruan historian eredugarri izan diren emakumeei ahotsa ematea eta haurrek ikustea bere bizilaguna, adibidez, kirolari profesionala izan zela».

Amaiak dio ziur dagoela emakume askok dituztela hamaika istorio lau haizetara zabaltzeko eta herriari kontatzeko. Horregatik, izen abizenak jarriko dizkiete emakume horiei guztiei. «Proiektu hau emakumeek idatzitako historia izango da eta beraiek izango dira honen guztiaren oinarria. Bada garaia historiako liburuetan emakume gehiago azaltzeko eta pertsona erreferenteak ere emakumeak izateko. Egindako lanarekin, aitortza egiteaz gain, justizia eta erreparazioa ere egin nahi ditugu».

Ikerketa lana abendurako amaitzea aurreikusi dute bi ikerlariek. Modu horretan, 2022an Irurako Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek landu ahal izango dute. «Egia esateko, ez dakit soilik Iruran landuko duten edo, aitzitik, beste herrietara ere luzatuko den lana», esan du Amaiak. «Protagonistak Irurako emakumeak izango diren arren, gustatuko litzaiguke beste herrietara ere zabaltzea. Baina nork daki, ikusiko da!».

Horrekin batera, Amaiak aipatu du «polita» izango litzatekela Hernanin ere horrelako zerbait egitea. «Hezkuntza etorkizuna da eta haurrak etorkizuna dira. Horregatik, berriro aipatuko dut, garrantzi haundikoa da hezkuntza formalean ere horrelako zerbait egotea. Beharrezkoa da mota horretako materiala eta historia hori gordeta gelditzea».

Baina paperean ez ezik, Amaiak azpimarratu du erabilpena eman behar zaiola sortuko duten unitate didaktikoa bezalako lanei. «Elkarrizketa edo transkribapen huts batean gelditzen bada, alferrikakoa izango da egindako lana. Horrenbestez, erabiltzeko aukera bermatu behar da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!