Abuztua agurtzeko, bi ekintza antolatu ditu Amherrek datorren asterako

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 25a, 00:00

'Zinema, gazteria eta migrazioak' proiektuko saio bat.

'Zinema, gazteria eta migrazioak' proiektuaren amaiera eta bigarren eskuko azoka izango dituzte

Abuztuko oporrak amaitzearekin batera, bi jarduera antolatu ditu Amherrek datorren asterako. Batetik, Zinema, gazteria eta migrazioak proiektuaren amaiera ekitaldia izango dute irailaren 2an, ostegunean, Biterin. Eta, bestetik, bigarren eskuko azoka antolatuko dute hilaren 3rako, ostiralerako. Azaldu dutenez, osteguneko saioa itxia izango da; hau da, bertaratzeko aukera izango dute soilik proiektuan parte hartu dutenek. Hala ere, azoka herritar guztientzat egongo da zabalik.

Ostegunean, zinemari, gazteriari eta migrazioari buruz hitz egingo dute. Eguerdiko 12:00etan emango diote hasiera ekitaldiari, eta 14:00etan amaituko dute saioa, «asko jota». Programa horretan hainbat taldek eta norbanakok parte hartu dute, eta bertan izango dira ostegunean: Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Akitaniako lurraldetako ordezkariak; hainbat gazte; eta finantziazioa lortu duen Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkariak. Urte osoko proiektuaren laburpena azalduko dute, hiru hizkuntzatan (euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez). Eta, horrez gain, ikasturte guztia laburbiltzen duen bideo bat ere proiektatuko dute.

Azoka goizez zein arratsaldez, Amherreko lorategian

Ostiralean, bigarren eskuko azoka izango da Amherreko orain arteko lokaleko lorategian, Latsunbe 42 zenbakian. Berehala aldatuko dira lekuz, elkarteak Kulturarteko Plaza Feministan izango baitu bere lekua.

Hori dela eta, lokala husten ari direnez, biltegian dituzten arropa, liburuak zein jostailuak salduko dituzte. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 18:00etara izango da azoka, Amherren lorategian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!